Erakundeen eta askotariko eragileen arteko aliantzak eztabaidagai Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren V. Jardunaldietan

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen eta HEGOA Institutuaren artean Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Jardunaldiak antolatu dituzte irailaren 30ean eta urriaren 1ean Donostiako ONCE aretoan. “Hezkuntza eraldatzailerantz aurrera egiten: erakunde eta instituzio publikoen arteko aliantzak” jardunaldiek erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko aliantzak sustatzeko gakoak emango dituzte, baterako eta eraldatzaileak izango diren agendak sustatzeko, hain zuzen.

Bizi ditugun krisi ugarien aurrean, erakundeen eta hainbat lurraldetako eragileen artean sarean lan egitea eta jakintzak trukatzea premiazkoa da, 17. GJH-an islatzen den moduan. Zentzu horretan, inaugurazio hitzaldian, irailaren 30ean 17:30ean izango dena, bi begirada horiek ezagutuko dira Anahi Guelmanen eta Suyapa Martínez Scotten arteko elkarrizketan. Lehenengoa da pedagogia dekolonizatzaileak ikertzeko eta Buenos Aireseko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako Saileko zuzendaria, eta, bigarrena, Valladolideko Unibertsitateko Nazioarteko Garapenerako Lankidetzako Behatokiko zuzendaria.

Jardunaldiek hurrengo goizean jarraituko dute, urriaren 1ean, eta beste eragile batzuekin sarean lan egiten duten eta diskurtsoaren eta praktikaren arteko koherentzia lantzen duten lau esperientzia eraldatzaile aurkeztuko dituzte: LaFede.cat-eko Mariano Flores, 124 erakundek osatutako justizia sozialerako erakunde katalana aurkeztuko du; María Monzok azalduko du Bartzelonako Udaleko Justizia Globalaren eta Nazioarteko Lankidetzaren Zuzendaritzak nola artikulatzen den beste eragile batzuekin; Liz Meléndez, Centro Mujer Flora Tristán Peruko erakunde feministako zuzendariak erakutsiko du Latinoamerikako beste mugimenduekin egindako lana, eta Alberto Gastónek aurkeztuko du Unibertsitate Kritiko Sarea, unibertsitate, gizarte mugimendu eta GGKEen arteko lana sustatzen duena.

Jardunaldiak zuzenduta daude irakasleei, hezitzaileei, gizarte entitateetako langileei zein garapenerako lankidetzako kideei, eta, oro har, gaian interesa duen orori. Programazioa www.elankidetza.euskadi.eus helbidean aurkitu daiteke.