Irailaren 23an, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Egunean, Bittor Orozek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Arantza Eguskizak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko presidentak, Euskadin Nekazaritza Ekologikoaren inguruko datuak eta izandako ibilbidearen balorazioa egin dute.
2021ko datuen arabera Euskadin landutako azaleraren %4,6 ekologikoan ziurtatuta dago, Euskadiko nekazal lurren azalera 185.689 Hektareatakoa da Euskadin, eta horietatik ekologikoan 8.855 Hektarea daude. Hala ere, alde nabarmenak daude azpi sektore ezberdinen artean; ortularien eta fruta arbolen azalera da aipagarriena; fruta arbolen kasuan Euskadiko %20,7 dago ekologikoan izena emanda eta ortulariei dagokionez, %19,9 da ekologikoa.
Azalerari dagokionez, Arabakoa da garrantzitsuena, mahatsondoen, larreen eta estentsiboen laborantzari esker, 5.056 Hako azalera guztira. 2.021an ekoizpen ekologikoaren azalerak batezbeste % 16 egin zuen gora, eta 2.022ko orain arteko datuei erreparatuta hazkunde hori %12koa, eta nabarmentzeko modukoa, Gipuzkoak %29 igoera izan duela; dena dela, datu hauek ez dira behin-betikoak eta ikusi egin beharko da nola amaitzen den 2.022a.
Ekoizle eta eragileak
Arantza Eguzkizak kontseiluko presindetak adierazi duenez, “urtez urte, Euskadiko nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eutsi dio, eta 2021ean erregistratutako datuek bide ona erakutsi dute. 2021ean errolda 2020an baino %8 gehiago hazi zen hain zuzen ere”.
“2022ko lehenengo seihilekoan goranzko joera mantendu den arren (erroldaren %5eko igoera) ez da joan den urteko alta eskaera kopurura iritsi, hala ere, datu hauen analisia (47 alta eskaera aurten, joan den urtean 52 zeuden une horretan); hala ere, ikusi egin beharko da urtea amaitutakoan zein diren behin-betiko datuak” – gehitu du.
Lurraldeka aztertuz, aurreko urteetan hazkunde handiena Gipuzkoan izan da eta 2022an ere horrela izaten jarraitzen du. Gaur egun, eragile gehien duen lurraldea Gipuzkoa da (294 profesional).
Eragile bakoitzaren jarduera nagusia kontuan hartuta, izen emate gehienak ekoizleenak izan dira eta hauen artean nekazal ekoizleena. Enpresa elaboratzaileen eta inportaziokoen kopuruak apur bat behera egin du.
Ohiko joerarekin jarraituz, jarduera guztietan izan da igoera, baina azken urteko gorakada azpimarragarria izan da nekazaritza-ekoizpenaren kasuan, bai landare-ekoizpenari dagokionez, bai animalia-ekoizpenari dagokionez.
Bestalde, aipatzeko datua da nekazal ekologikoaren hautua egin duen profesionalen % 90ak ekologikoan egiten duela lan soilik.
Nekazal ekologikoan izena eman dutenen artean %33 titular gazteak dira, 45 urte azpikoak dira; datu hau are itxaropentsuagoa da abeltzaintzan izena eman dutenen arten, izan ere jarduera horretan izena eman dutenen artean %50 da titular gaztea.
Emakumearen presentziari dagokionez, emakume titular edo titularkideak %27 dira batezbeste.
Bittor Oroz sailburuordeak adierazi duenez, “datu horiei erreparatuta Europako erronkei aurre egiteko bidea dago egiteko; eta horretarako ezinbestekoa izango da elkarlana sustatzea, administrazioaren eta sektorerean artean. Europako nekazaritza-estrategiek, Kontseiluaren berezko anbizioak eta euskal kontsumitzaileen beharrak urrats sendoak ematera behartzen gaituzte 2030erako Europako nekazal ekoizpen lurren %25a ekologikoa izan dadin. Hortaz, nekazaritza ekologikoen ustiategien eta enpresa elaboratzaileen errentabilitatea areagotzea eta produktuaren ezagutza eta kontsumoa sustatzea izango dira lan ildo nagusiak”.
Oroz-ek gehitu duenez “Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak diru laguntzetan ia 3 milioi euro bideratu ditu azken 5 urtetan nekazaritza ekologikoa bultzatzera. 2022 datuei erreparatuz, ia 100 pertsonek 5 urtetan 3000 eurotako diru laguntza jasoko dute nekazaritza tradizionaletik ekologikora bidea egin dezaten eta bestalde enpresa elaboratzaileak garatzeko 11 proiektu ezberdin babestu dira”.
Komunikazio kanpaina
Hain zuzen ere, nekazaritza ekologikoaren kontsumoa sustatzeko helburuarekin publizitate kanpaina jarriko da abian datorren astetik aurrera. “Ekologikoak gara, naturala delako” izango da kanpainaren slogana edo idea nagusia eta bi helburu izango ditu; alde batetik, ekoizlearengan jarriko da arreta, ekologikoaren eredugarritasuna erakutsiz, eta aukera honen aldeko erabakia hartu ez dutenei, ikuspegi hau indartuz. Bestalde, erosleei ere zuzenduko zaie, ekologikoaren aldeko aukera naturala dela erakutsiko zaio, eguneroko praktikako ereduen bidez.
Kanpaina hau kanal anitzekoa izango da eta presentzia nabarmena izango du: telebista, irratiak, prentsa digitala, mupiak eta markesinak eta marketin online.