Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2022-2023 ikasturterako Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten titularitate pribatuko haur-eskolentzat dirulaguntzak arautzen dituen Agindua.
Hezkuntza Sailak 25.095.000 euro bideratzen ditu dirulaguntza deialdi honetara, honako helburu hauekin: aipaturiko hezkuntza zentroak mantentzen laguntzea, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familien kuotak gutxitu eta bateratzea, eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Era berean, egun dagoen eskaintza finkatzea ere bada deialdi honen xedea.
Eskola hauek, Haurreskolak Partzuergoko haur-eskolek eskaintzen duten zerbitzuaren osagarri dira, eta haiekin batera, familia-bizitza eta lanbidea bateratzeko funtsezko zerbitzua eskaintzen diete euskal familiei.
Egun, Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten 272 zentro daude Euskadin, hezkuntza-maila hori eskaintzeko behar bezala baimenduta egonik, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezkeenak. Joan den 2021-2022 ikasturtean, 11.119 haur zeuden eskola horietan matrikulaturik.