Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987) izan da Gladys Sariaren II. edizioko irabazlea, eta PUNTUEUS eta UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eskutik jaso du garaikurra.
Epaimahaiak aho-betez hartu du erabakia eta irabazlearen ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egiten duen lana azpimarratu du. Gladys Saria PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren babesarekin eta Danobatgroup industria-taldearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.
Lehiaketak euskal ingurune digitaleko edozein arlotan lan egiten duten emakume gazte berritzaile eta euskaldunak bilatzen ditu, mundu teknologikoan erreferente berriak sortzeko eta gazteenen artean STEM bokazioak sustatzeko asmoz. Bigarren edizio honetan, baldintza guztiak betetzen zituzten 20 hautagaitza ebaluatu ditu epaimahaiak.
Perez de Viñasprek zirraraz eta erantzukizun puntuarekin jaso du saria. “Irabazlea nintzela esateko deitu nindutenean ez nuen inondik inora espero. Emozio handiarekin hartu nuen albistea, batez ere mundu honetan profil bakarra ez dagoela ikusteko aukera ematen duelako” azaldu du.
Horrez gain, lehenengo edizioan parte hartu zuten emakume kopurua azpimarratu nahi izan du, hori izan baitzen berarentzat “saririk” garrantzitsuena.
“Balorazio oso positiboa egin dugu aurten ere. Parte-hartzaile asko izan ditugu eta horrek asko pozten gaitu. Azken urteotan STEM bokazioak oso maskulinizatuak daudela ikusi izan da, eta emakumeen aldeko apustua oso garrantzitsua dela deritzogu” adierazi du Lorea Arakistainek, PUNTUEUSeko marketin zuzendariak.
Informatikan ingeniaria
Olatz Perez de Viñaspre Garralda Gasteizen jaio zen 1987an. Ibilbide akademikoari dagokionez, sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da, UPV/EHUko Informatika Fakultatean burutu zituen ikasketak. Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko (HAP) masterra egin zuen, 2011-2013 urteetan. Azkenik, 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian.
Gaur egun irakasle atxikia da, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean eta ikerketa munduan ere dihardu. Azpimarratu behar da Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena Sariaetan, 2018an, Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-arloko saria jaso zuela. Horrez gain, I. Ikergazte: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresuan Udalbiltzak banatutako Sari Berezia eman zioten, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik.
Gladys Sariari buruz
Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume horren lana gogoraraztea ere lehiaketaren funtsetako bat da.