Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Kanpandegi kaleko Orixe ikastola zaharra Etxegintzari atxikitzea, Parte Zaharreko adinekoentzat 15 zuzkidura-etxebizitza egiteko.
Eraikinaren zaharberritzea barrualdekoa izango da nagusiki. Hala ere, aldaketa txiki batzuk egingo dira kanpoaldean. Bestak beste, arotzeria aldatzea, hondatuta dagoelako, eta hirugarren solairuko fatxada guztiaren jarraipena, 1917ko proiektuaren planteamendutik abiatuta.
Birgaitzearen ondorioz, 15 etxebizitza egingo dira, guztiek gela orokor bat izango dute (egongela-jangela-sukaldea), logela bat eta komun bat. Etxebizitza guztien neurriek irisgarritasun-irizpideak jarraitzen dituzte. Izan ere, sei etxebizitza mugikortasun urriko pertsonentzat egongo dira bereziki egokituta.
Etxebizitzez gain, teilatupeko solairuan gune komunak eta patio itxi bat proiektatu dira, arropa zabaldu ahal izateko.
Aurreikuspenen arabera, 2023aren amaieran hasiko dira birgaitze-lanak, eta urtebete geroago amaituko dira, 2024ko abenduan, data horretatik aurrera hasiko baitira lehenengo maizterrak sartzen.
Pasealeku Berriko horma
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Landabe Ingeniaria SL enpresak idatzitako Pasealeku Berrian ainguratutako hormaren lur-jausien aurkako defentsa-neurrien exekuzio proiektuaren eguneratzea eta enpresa berak proposatutako aurrekontu aldaketak onartzea.
Proiektatutako lana bi eginkizun nagusitan banatzen da: alde batetik, mendi-hegalaren egonkortze orokorra proiektatzen da, kable bidezko ainguraketa iraunkorreko horma ainguratu bat eginez. Eta, bestetik, buloiekin ainguratutako sare indartu bat jartzeko asmoa dago, Pasealeku Berrira zati txikiak eror ez daitezen.
Proiektuaren azken aurrekontua 731.674 eurokoa da.
Etxebizitza tasatuak El Pilar-en
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Zarategi pasealekuko 8B ataria den Pilar Klinikaren eremuko 14 etxebizitza, garaje eta trastelekuei erregimen orokorreko udal-etxebizitza tasatuen behin betiko kalifikazioa ematea.