2,3 M» tan lizitatu da Bermeo eta Mundaka lotuko dituen pasealeku berdearen azken tartea

Bermeo eta Mundaka arteko ibilaldi berde bat izango da Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruko konektibitatea hobetzeko hurrengo pausoa. Guztira, mugikortasun jasangarriari bultzada handia emango dioten 500 metro izango dira, espazio hori osatzen duten herri eta gune guztietara oinez edo bizikleta bitartez irisgarritasuna ahalbidetuz. Guztira, 2.308.616 euroko partida erreserbatu da (BEZ barne), eta lanak 9 hilabete inguruko epean amaitzea espero da.

Proiektua 2 lotetan banatu da, eta aldi berean gauzatuko dira, bigarren loteak egikaritze-denbora luzeagoa eskatuko duen arren. I. lotea: 1.034.251 €-ko zenbatekoa eta 24 asteko egikaritze-epea. II. lotea: 1.274.370 €-ko zenbatekoa eta 39 asteko egikaritze-epea. Prozesua azarorako amaituta egongo dela eta obrak urte amaierarako has daitezkeela uste da. Gainera, segurtasun eta osasun zuzendaritza (2022/09/27an argitaratua) 127.050 euroan lizitatu da.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, “Urdaibaiko Biosfera Erreserba eremu estrategikoan pauso garrantzitsua eman dugu gaur konektibitate jasangarrian. Lan horiek amaitutakoan, oinezkoentzako ibilbide batek erabat lotuko ditu Biosferaren Erreserbaren ezkerraldeko bi udalerri, eta bide hori bizikletaz ere egin ahal izango da. Zalantza barik, emisioak murrizten lagunduko duen inbertsioa da, inguruan mugikortasun lasaia sustatuz eta 2030 Agendan ezarritako helburuak betez”.

“Horrelako bide berdeak sortzea funtsezkoa da. Are gehiago, Urdaibai bezalako gune babestu eta estrategikoetan. Gaur gehitzen dugun tartea une honetan ditugun 24 kilometroko oinezkoentzako ibilbideei gehituko zaie. Helburua oinezko konexioa eta leku interesgarrietara bisita egiteko aukera emango duen bidexken sarea sortzea da, Urdaibaiko kultura- eta natura-ondareari turismoaren balioa emateaz gain, joan-etorriak ingurune naturalari kalterik ez eragitea ekarriko duen moduan bideratuz”, amaitu du Tapiak.

Esku-hartze berri horren bitartez, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarraipena emango diete joan den ekainetik jendearentzat zabalik dagoen Tonpoiko naturgunean dagoeneko amaituta dauden obrei. Azken jarduketa hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan dago, eta ingurumen-balio handiko eremua berreskuratzeko 2 urte baino gehiagoko lanak egin behar izan dira.

Jarduketa Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriko Estrategiaren barruan dago. Biosferaren Erreserbaren Zerbitzuak garatu du, eta bere helburuak UNESCOren MaB programan oinarritzen dira: klima-aldaketa arintzea isuriak murriztuz, Urdaibaiko Biosfera Erreserban mugikortasun lasaia sustatzea, espazio hori osatzen duten gune guztietara oinez edo bizikletaz iristeko aukera bultzatzea, eta ekialdeko eta mendebaldeko muturrak lotzea.

Horrela, Bermeok bere hirigintza-eraldaketarako pausoak ematen jarraitzen du, pertsonen irisgarritasuna hobetu eta trafiko astunaren aldean trafiko lasaia sustatu gura duten lanei lehentasuna emanez, eta udalerria edertuz. “Gure udalerriko irisgarritasuna hobetuko duen proiektua aurkeztu dugu gaur. Izan ere, nabarmen hobetuko dugu gure herriko sarbide nagusietako bat. Gure konpromisoa Bermeoren eraldaketa sakona bultzatzea da, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Proiektu hau udalerrian martxan dauden inbertsioen zerrenda luzeari gehitu behar zaio. Inbertsio horien artean daude Artza-Erreten zeharbidea berritzea, Esparru eta Atalde artean igogailua instalatzea, Tala Aritzatxurekin lotuko duen bidexka… Ibilaldi berri hau guztiz bat dator estrategia horrekin. Bidexka horri esker, Mundakarekin eta Urdaibairekin dugun lotura hobetuko dugu, herritarrek eta bisitariek gozatzeko moduko ibilaldi osasungarria erraztuko dugu, eta, gainera, gure udalerriko sarbide enblematikoenetako bat nabarmen hobetu eta herria edertuko da, portuari eta inguruari balioa emanez eta auzokideentzako aisialdirako eta gozamenerako guneak sortuz”, hasi da Aritz Abaroa Bermeoko alkatea.

Eta gaineratu du: “Ibilaldi berde honek gure hainbat helburu estrategikori erantzuten die: Bermeoko sarbideak hobetzea, bizimodu osasungarria sustatzea eta, azken batean, bermeotarren bizi-kalitatea hobetzea. Gainera, erakundeen arteko lankidetzari esker sortutako proiektua da. Kasu honetan, Bermeoko Udalaren eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren artean. Elkarrekin egin dugun lana eta Eusko Jaurlaritzak eta Udalak gure herria eta leku eder hau hobetzeko egingo duten inbertsioa nabarmendu gura nituzke”.

Proiektuaren deskribapena

Bermeon Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako mugikortasun lasaia sustatzeko azpiegitura berdearen ibilbidea gauzatzeko proiektuaren xedea berdegune bat eta oinezkoentzako ibilbide bat ezartzeko beharrezkoak diren obrak definitzea eta balioztatzea da, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako azpiegituraren atariko lez erabiltzeko, eremu horretan landaredi autoktonoa indartuz eta adierazitako ibilbideetarako sarbidea erraztuz.

Proiektua gauzatzen den eremua Mundakatik datorren BI-2235 errepidetik Bermeorako sarbidea den Txibitxiaga kalearen eta Bilbo-Bermeo lineako trenbidearen arteko tartea da.

Oso garaiera desberdinetako hainbat plataformaz osatutako eremua da, eta horietako asko garai bateko etxebizitza eskasak eraistearen ondorio dira. Oraingo espaloiarekin paraleloan joango den ibilbide naturala sortu gura da, baina espaloitik bereizita eta egokitu behar den berdegunea zeharkatuta. Helburua, ibilbide natural baten bidez paisaia- eta ingurumen-multzoa sortzea da, egurra gainazaleko akabera gisa eta espaloitik doan ibilbide paraleloa bereizten duen elementu gisa erabiliz.

Etxebizitzak eraisteagatik libre geratutako eremua

Eremu horretan, Ibilbide Naturala espaloitik bereiziko da, etxebizitzen eraispenak libre utzitako espazioa aprobetxatuz. Behealdean garatzen den landarediaren gainetik altxatuko den eta inpaktu bisuala murriztuko duen egurrezko pasabide bat planteatzen da. Egurrezko egitura hori metalezko zutabeek osatuko dute, eta zutabe horiek mikropiloteen zimenduetan bermatuta egongo dira.

Begiratokia

Pasabidea begiratokiaren ondoan amaituko da. Tarte horren malda lursail ingurura doituko da. Tarte horretan baranda itsas aurrealdera ematen duen aldean baino ez da jarriko, eta, gainera, landaretza berrirako tarte bat gehituko da.

Goiko plataforma

Eremu hori zabalagoa da, eta, horri esker, ibilbideaz gain beste erabilera batzuk ere plantea daitezke. Aisialdirako gune bat proposatzen da, hori ere egurrez egina. Plataformak ezartzeko, lur-mugimendu txiki bat egin beharko da eremu horretan. Horrela, ezpondaren hondeaketa da obrako lan zailenetako bat, ia trenbidearen gainean dagoelako. Gauzatzeko, aldez aurretik hesi bat instalatzea aurreikusi da.