Osasun sailburuak lege-proposamenak jasotzen duen erakundeen arteko elkarlana eta «osasuna politika guztietan» printzipioa nabarmendu ditu

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui elkarrizketatu dute, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, atzo bertan sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen Osasun Publikoari buruzko Legearen proiektua izan du hizpide. Proiektu horren helburu nagusia euskal herritarren osasuna babestea eta indartzea da, interes goreneko ondasun publiko gisa, pertsonen eskubideak bermatuz osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloetan. Hala, Sagardui sailburuak lege-proposamenak “osasuna politika guztietan” printzipioan sakontzen duela nabarmendu du eta oinarrian erakundeen arteko elkarlana duela.

GRIPEA ETA COVID-19

Sagardui sailburuak adierazi du normaltasun osoz ari dela gauzatzen gripearen eta covid-19aren birusari aurre egiteko aldi bereko txertaketa kanpaina. Joan den astean egoitzetako egoiliarrekin eta bertako langileekin hasi ziren eta kolektibo honekin aste honetan zehar amaitzeko aurreikuspena dute. Gainera, astelehenean hasi ziren txertoak jartzen arrisku taldeko biztanleei osasun zentroetan edo pazienteen etxeetan beharrezkoa den kasuetan.

Txertoa jartzeaz gain, Gotzone Sagarduik azpimarratu nahi izan du maskara kutsadurak geldiarazteko oso tresna eraginkorra izan dela bai covid-19aren kasuan baita gripearen kasuan ere. Garraioan maskara erabiltzeari buruz, sailburuak adierazi du bai berak bai Osasun sailak adituek proposatutako irizpide zientifikoak jarraituko dituztela.

LEHEN MAILAKO ARRETA

Elkarrizketan zehar, Osasuneko sailburuak azpimarratu du Lehen Mailako Arreta beti izan dela lehentasuna gobernuarentzat, hala jasota dago legegintzaldiko estrategian. Hala ere, pandemia bitarteko, estrategia hori berrikusteko beharra aipatu du, profesionalen eskutik betiere, lehen arreta indartzeko helburuarekin. “Bitartean ez gaude geldirik, profesionalak kontratatzen ari gara eta  lan eskaintza publikoak ateratzen”, gaineratu du.

Gainera, hain erakargarriak ez diren postuak betetzeko hartu daitezkeen neurriez ere mintzatu da sailburua. Horrela, ordainsariak, ordutegiak edo lan eskaintza publikoek indar gehiago edukitzea aipatu ditu neurri posible gisa.

JARDUERA KIRURGIKOA

Jarduera kirurgikoaren itxarote-zerrendari buruz galdetuta, Osasun sailburuak gogorarazi du pandemiak iraun duen bitartean programatutako jarduera kirurgiko guztia eten behar izan dela hainbatetan (onkologikoa eta premiazkoa mantenduz), baina nabarmendu du 9 egunez murriztu dela batez besteko atzerapena azken hilabeteetan. «Baliabide guztiak jarri ditugu eta gure asmoa lehenbailehen berreskuratzea», azpimarratu du.