Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio trafikoaren arloko Segurtasun Sailaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenari

Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenari. Hitzarmenak trafikoa, garraioen ikuskapena, errepideak eta bide-segurtasuna hobetzeko bide-informazioa trukatzea barne hartuko ditu.

Bi administrazioek beharrezko jo dute 2017an izenpetutako hitzarmena, jada amaituta dagoena, berritzea, bide-segurtasunarekin lotutako euren eginkizunen eraginkortasuna hobetze aldera. Horrela, hitzarmen berri honek aurrekoaren ildoari jarraituko dio, eta, besteak beste, erraztuko du trafikoari eta istripuei buruzko datuak, trafiko-kameren irudiak edo bide-informazioa, oro har, trukatzea. Bestalde, lankidetza-esparru berriak barne hartuko ditu, hala nola, zirkulazio-baimen osagarria duten ibilgailuen jarraipena eta kudeaketa eta pertsonen eta salgaien lurreko garraioaren ikuskapena.

IRAUPENA ETA EZARPEN-ESPARRUA 

Hitzarmen honen ezarpen-esparrua Arabako Lurralde Historikoko Foru Errepideen Sarea izango da, eta arreta berezia eskainiko zaie lehentasuneko eta oinarrizko sareei, zirkulazio-indize altuak jasaten baitituzte, eta, gainera, edozein gorabeherak trafikoa erabat ito baitezake eta horrek eragina izan baitezake maila baxuagoko beste errepide batzuetan.

Hitzarmenak 4 urteko indarraldia izango du, eta gehienez ere beste lau urtez luzatu ahal izango da.