Ikasturte honetan, 30 urte beteko ditu Mintzalaguna egitasmoak. Euskara ikasten ari direnei, ezagutza praktikan jartzeko helburuz sortu zuen Bagera elkarteak egitasmoa 1993ko abenduan.
Mintzalaguna egitasmoak, euskaraz aritzeko lotsa eta akatsak egiteko beldurra gainditu, erabileran trebatu eta hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko espazio eroso bat eskaintzen du. Astean behin, euskaraz hitz egiteko elkartzen dira mintzalagunak talde txikietan, solasaldi lasaian. Euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun bat eta euskara praktikatu nahi duten beste bi edo hiru lagunek osatzen dute mintzalagun taldea.
Sortu zenetik 5000 donostiarrek parte hartu dute Mintzalagunean, euskara praktikatuz edo praktikatzen lagunduz. Asteroko hitzorduez gain, mintzalagunari esker, Bagerak antolatzen dituen beste jardueretan parte hartzeko aukera dute baita Donostian antolatzen diren euskarazko ekintzetan ere.
Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, bidelagunak eta trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei, bidelariei, zuzenduta dago. Berebiziko garrantzia du egitasmoak ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.
Izen ematea zabalik urriaren 21ra arte
20222/2023 ikasturtean parte hartzeko izen ematea zabalik da urriaren 21era arte. Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker, 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek.
Beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, Bagera elkartean (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke. Informazio gehiago 943005074 telefono zenbakian edo [email protected] helbidean eskura daiteke.
Euskaraz gehiago hitz egin nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.