Zinexit Topaketek, «érase una vez en Euskadi» aurkeztuko dute zinema eta giza eskubideen erakusketaren hitzaurre gisa, umeen begiradaren bidez egindako 80ko hamarkadako Euskadi nahasiaren kontakizuna

Zinexit Zinema eta Giza Eskubideen Erakusketaren hamabigarren edizioa da aurtengoa, eta duintasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatzean oinarritutako bizikidetza bultzatzeko bilduko ditu zazpigarren artearen zaleak. Bilboko Golem zinema-aretoetan azaroan proiektatuko diren filmen zikloa egingo da aurten ere, baina astearte honetan, urriak 11, aperitibo berezia izango dugu, “Érase una vez en Euskadi”, 80ko hamarkada nahasiaren ikuspegia umeen begiradaren bidez.

Eusko Jaurlaritzako Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatzen duen zinema-ziklo honen XII. edizioa azaroaren 21etik 25era izango da, baina, ohi bezala, hitzaurrea izango dute, Zinexit Topaketak. Oraingo honetan Manu Gomezen (Arrasate, 1973) lehenengo film luzea programatu dugu. Gipuzkoako herri horretara emigratutako granadarren semea, zuzendaria bere haurtzaroko agertokietara itzuli da 80ko hamarkadan Euskadin hazitako lau umeren nerabezarorako jauzia irudikatzeko.

Gidoiaren egilea ere baden errealizadoreak adierazi duenez, ez du “erradiografia soziopolitikoa egiteko asmorik izan, baina ezinezkoa da saihestea”, baina aldi berean, adierazi du, “nik Euskal Herrian erretratatu den mundu gris horretatik ihes egingo zuen filma egin gura nuen, nire haurtzaroa kolorez, bizitzaz, dibertimenduz beteta dagoelako”. Filmak, 12 urteko lau lagunek bizitako gauza txikien bidez, 80ko hamarkadan euskal udalerri askotan bizi izan zen errealitate soziala erakusten digu.

Filmean parte hartzen duten aktoreen zerrenda azpimarratzekoa da, Vicente Romero, Luis Callejo, Marian Álvarez, Ruth Díaz eta Yon González, besteak beste, Hugo García, Aitor Calderón, Asier Flores eta Miguel Rivera umeak ahaztu barik.

Giza eskubideei buruz hausnartzeko gonbidapena

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak adierazi duenez, gure etorkizunari buruz nolabaiteko ziurgabetasuna erakusten diguten uneak bizi ditugu. ‘Aldaketa handien, tokian tokikoak eta globalak, aurreko beldurrak sentimendu kolektiboa dirudi, baina, geldiarazi beharrean, mobilizaziorako bultzada izan behar du, lortutakoaren defentsan eta pertsona guztien eskubide-berdintasunaren aldeko eraldaketa positiboak sortzen jarraitzeko borrokan’.

Hernandok gogoeta egitera, partekatzera eta Zinexit Topaketen edizio berrian elkartzera gonbidatzen gaitu, “Érase una vez en Euskadi” filmaren proiekzioarekin, urriaren 11n, asteartean, 19:30ean, 4. Golem zinema-aretoan. Bertaratzea librea eta doakoa izango da edukiera bete arte, eta gonbidapenak leihatiletan jaso ahal izango dira ordubete lehenagotik, astelehenetik, urriaren 10etik, aurrera. Ondorengo solasaldian Manu Gómez zuzendaria izango da, eta aurkezpena Iban Garate kazetariak egingo du.

Informazio gehiago:

VILLAMANDOS COMUNICACIÓN, S.L.

Itziar Villamandos / [email protected] / 657 796 583

ZINEXIT PRENTSA BULEGOA