Izena emateko epea amaituta, 12.769 pertsona aurkeztu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko enplegua finkatzeko hautaketa prozesuaren bigarren deialdira. 1.034 plaza izango dituzte, 40 eskala eta kategoriatan banatuta, eta salbuespenezko prozesu baten edo prozesu berezi baten bidez ,edo bi bide horien bidez, eskuratu ahal izango dira.
Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa bidez egiten da, eta deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztutako merezimenduak baloratuko dira, hala nola antzeko lanpostuetan, titulazioetan edo hizkuntzetan emandako esperientzia urteak. Enplegua finkatzeko prozesu berezia lehiaketa-oposizio bidez egiten da: lehenik, nahitaezko probak egiten dira, eta, gainditu ondoren, izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzen dira.
Prozesuan parte hartuko duen pertsona bakoitzak eskala horietako bat edo batzuk aukeratu ahal izan ditu. Guztira, eskaeren kopurua ia bikoiztu egin da, eta 23.066 izan dira. Eskaera gehienak (20.210) funtzionario lanpostuetarako izan dira, eta gainerakoak (2.856) lan kontratuko langileentzat. Gehien eskatzen diren eskalak eta kategoriak administrazio kudeaketa, administrazioa, ekonomia eta enpresa, juridikoa edo hizkuntza-normalizazioa dira. Era berean, inprimategiko, arte grafikoetako, sukaldeko, garbiketako, garbitegiko eta Ibaiondo zentroko hezitzaileetako plazak ere sartzen dira.
Joan den irailean oposizio probak egin ondoren, hautaketa prozesu honen lehen deialdia merezimenduak baloratzeko fasean dago orain. Lehen fase honetan 24.000 pertsonak parte hartu dute, eta administrari laguntzaileen, administrarien, erizainen eta laguntzako langileen eskaletara aurkeztu dira. Prozesua osatzeko, hirugarren deialdi bat egingo da urtea amaitu baino lehen. Deialdietako plaza guztien % 60,7 merezimendu-lehiaketa bidez ebatziko da, eta gainerako % 39,3a oposizio-lehiaketa bidez.