80 urtetik gorako pertsonen % 40ek COVID-19aren kontrako bigarren oroitzapen-dosia hartu dute

Euskadin, joan den irailaren 26an, COVID-19aren eta gripearen kontrako txertaketa-kanpaina abian jarri zenetik, 142.092  pertsonak hartu dute bigarren oroitzapen-dosia. 80 urtetik gorako pertsonen % 39,5k berritu egin dute COVID-19aren aurkako immunitatea.

Gainera, gaurtik aurrera, urriaren 17tik aurrera, arrisku-kolektibokoak ez diren gainerako herritarrek gripearen aurkako txertoa jartzeko hitzordua har dezakete. COVID-19aren aurkako txertoa hartzeko, Osasun Publikoko Batzordeko adituen jarraibideen zain egon behar da; izan ere, oraingoz, 60 urtetik gorakoentzat eta arrisku-taldeentzat soilik gomendatzen da aldi bereko txertoa.

Oroitzapen-dosiaren txertaketa

 

Osakidetza, iaz egin zuen bezala, herritarrei gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak eskaintzen ari zaie, aldi berean hartzeko, eta arrisku handiena duten kolektiboekin hasi da. Hori horrela, joan den urriaren 3an, Osakidetza gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpainarekin hasi zen Euskadiko osasun-zentroetan, arrisku-taldeei zuzenduta, eta, gaur egun, dagoeneko, 80 urtetik gorako 57.815  pertsonak, alegia, % 39,5k, oroitzapen-dosia jaso dute.

Laster, Osasun Sailak COVID-19aren aurkako txertaketaren asteroko buletina eguneratuko du.

Nor dago arrisku-taldeetan?

    • 65 urtetik gorakoak
    • gaixotasun kronikoak dituztenak, hala nola diabetesa, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, kardiopatiak, etab.
    • haurdun dauden emakumeak eta osasun-arloko eta eremu soziosanitarioko profesionalak

Nola eskatu hitzordua?

 

 

Hasiera batean, lehentasuna ematen ari zaie arrisku-kolektiboetako pertsonei. Hori dela eta:

Arrisku-kolektibokoa bazara: eskatu hitzordua Osakidetzaren web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz.

Arrisku-kolektibokoa EZ bazara: Gaurtik aurrera, urriaren 17tik aurrera, herritar orok gripearen aurkako txertoaren hitzordua har dezake.

Gainera, txertaketari buruzko zalantzarik baduzu ere, Osakidetzak galde-eskeen atala eguneratu du web-orrian, aldi bereko txertaketaren inguruan izan ditzakezuen zalantzak edo kasuistikak argitzeko:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-eskola-ataria/-/2022eko-gripearen-aurkako-txertaketa-kanpaina/