Euskadin milioi bat pertsonak dute gutxienez identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitarteko bat

Identifikazio eta sinadura elektronikoak gero eta erabilera gehiago ditu, eta gero eta pertsona gehiagoren eguneroko bizitzan oso presente dago euskal administrazio publikoekin kontsultak, izapideak eta eragiketak egiteko orduan. Urrira arte, Euskadin, gutxienez identifikazio elektronikorako bitarteko bat duten pertsonen kopurua milioitik gorakoa izan da; zehazki, 1.000.402 pertsona. Hamasei urtetik gorakoek bakarrik eskura ditzakete identifikazio eta sinadura digitaleko bitarteko bat.

Euskal herritarrek gehien erabiltzen eta ezagutzen duten identifikazio eta sinadura elektronikoa BakQ da. 605.067 pertsonak baino gehiagok dute aktibatuta segurtasun maila jakin bat behar duten eragiketa eta transakzio jakin batzuetarako behar den sistema hau.

Aldiz, Bak (Q gabe) identifikazio bide elektronikoa da, eta oso erabilia, benetakotasunaren berme gisa eta kritikotasun txikiko zerbitzu edo tramiteetan sinatzeko ere balio duena. Euskal administrazioetako hainbat zerbitzutan online kontsultatzeko eta izapidetzeko aukera ematen du. Izenpek, nortasun digitaleko eta sinadura elektronikoko zerbitzuen euskal emaileak, 344.463 pertsona ditu erregistratuta, eta Bak bakarrik erabiltzen dute.

Bak eta BakQ estuki lotuta daude, bigarrena sortzen denean Bak ere sortzen duelako berez. Horregatik, bietako edozein erabili ahal izango da, egin nahi diren eragiketen arabera. Biek partekatzen dituzte pasahitza, eta harremanetarako datuak eta baliozkotasun-aldia.

BakQ baliabiderik moldakorrena da Internetera konektatutako edozein gailu elektronikotik (ordenagailua, mugikorra edo tableta) administrazio-izapideak online kontsultatzeko eta egiteko; ez du ordenagailuan edo gailu mugikorrean ezer instalatu beharrik. Adibidez, erroldak lortzeko, laguntzak eskatzeko, obra-lizentziak eskatzeko, errenta-aitorpena egiteko, osasun-karpeta edo zure historial klinikoa kontsultatzeko.

BakQ-ek arintasun handiagoa ahalbidetzen du administrazio izapideak egiteko, dokumentuak erregistratzeko edo kontsultak egiteko orduan, eta ordutegien mende egotea eta joan-etorriak edo aurretiko hitzorduak aurreztea saihesten du. Bitarteko baliagarria da Euskal Autonomia Erkidegoko zein Estatuko administrazio guztientzat.

BakQ ziurtagiria lortzeko, errazena horretarako prestatutako aurrez aurreko arreta-guneetara joatea da. BakQ identifikatzaile batek (pertsonaren NAN) eta bi autentifikazio faktorek (8 karaktereko pasahitza eta telefono mugikorrera SMS bidez bidalitako kode bat) osatzen dute.

Herritarren ziurtagiria (txartel berdea ere esaten zaio) ez da desagertzen, nahiz eta beste identifikazio bide batzuk hedatu diren, eta oraindik 40.346 pertsonak erabiltzen jarraitzen dute. Kopuru apalagoan, identifikazio elektronikorako beste bitarteko batzuk daude, hala nola erakundearen ordezkariaren ziurtagiriak edo erakundearen zigilua, ziurtagiri profesionalak eta beste batzuk.

Beharren arabera, pertsona bakoitzak identifikazio digitalerako edo ziurtagirietarako bitarteko bat edo batzuk izan ditzake. Izan ere, gaur egun, Izenpek 1.732.521 identifikazio-bitarteko ditu bizirik, gutxienez horietako bat duten milioi bat pertsonen artean banatuta.

Aurtengo lehen hiru hiruhilekoetan 71 milioi autentifikazio eta sinadura elektroniko baino gehiago erregistratu dira BakQ, Bak edo identifikazio elektronikoko edozein baliabiderekin.

BakQ 2017an jaio zen, Bak jaio eta urtebetera, eta ordutik bere hazkundea geldiezina izan da. Urtebete pasatxoan, 2018aren amaierarako, 91.280 erabiltzaile erakarri zituen. Eta urtebetean bikoiztu egin zen, beraz, 2019ko abenduaren 31n, pandemia baino lehentxeago, 180.000 zeuden. Hasierako inpaktua izugarria zen, eta beste 222.782 Bak txarteli gehitzen zitzaien, sinpleagoak eta segurtasun maila txikiagokoak, eragiketa arruntagoetarako pentsatuak. Ondoren, covid-19aren pandemia iritsi zen, eta BakQ-ak bultzada sozial handia jaso zuen, emisioen hazkunde oso handiarekin.

Izenpe ziurtapen eta zerbitzu enpresa –Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren mendeko entitatea– EAEko Administrazio Orokorraren, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundien eta haien mendeko gainerako erakunde publikoen bitarteko propio pertsonifikatutzat hartzen da.

________________________________________________________________________________________________________________________________________________

Identifikazio elektronikoko bitartekoren bat duten pertsona kopurua:

1.000.402 pertsona EAEn

Identifikazio eta sinadura elektroniko motak:

Bak

BakQ

Herritarren ziurtagiria

Erakundearen ordezkariaren ziurtagiria edo erakundearen zigilua,

Ziurtagiri profesionalak

Beste batzuk.

Bizirik dauden identifikazio bitartekoak:       1.732.521

Bak (*)__________________________________ 949.530

BakQ___________________________________  605.067

Herritarren ziurtagiria______________________  40.346

Erakundearen ordezkariaren ziurtagiria    ______  39.100

Ziurtagiri profesionalak_____________________  82.966

Beste ziurtagiri batzuk______________________ 14.645

(*) BakQ duten pertsona guztiek Bak ere badute