Gobernu Kontseiluak, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak hala eskatuta, azken 20 urteotan Osakidetzaren plantillan izan den gehikuntzarik handiena onartu du; 2.467 plaza gehiago gehitu zaizkio eta, hala, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren egiturak 30.073 plaza ditu. Aldi baterako 2.109 plaza dira, egiturazko bilakatuko liratekeenak, eta beste 358 plaza, Osakidetzaren Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko.
Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak “mugarritzat” balioetsi du akordio hau, denborazkotasuna murrizteko eta enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren aldeko apustu egiteko bideari jarraitzen diona. Akordio horren berri eman zuen Lehendakariak Politika Orokorreko osoko bilkuran eta, gaur, Gobernu Kontseiluan berretsi du.
EGITURA-PLANTILLA HANDITZEA
Erabaki hori bi alderditan oinarritu da:
Lehena, egonkortasuna ematea koderik ez zeukaten aldi baterako postuei.
Osakidetzan bazeuden aldi baterako betetako postuak, plazarik ez zeukatenak. Hala ere, beharrak aztertu ondoren eta Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko Legean (20/2021 Legea) ezarritako aurreikuspenak oinarri hartuta, Osakidetzaren egitura handitzea eta beste 2.109 plaza gehiago gehitzea beharrezkoa zela ikusi da, egonkortasun eta kontratazioaren kalitate handiagoa emateko eta, ondorioz, behin-behinekotasuna murrizteko.
Bigarren alderdia: Lehen Mailako Arreta sendotzea.
Lehen Mailako Arreta lehentasun bat da Osasun Sailarentzat. Erabaki hori beste urrats bat gehiago da asistentzia-eremu hori sendotzeko hartzen ari diren neurrien bidean.
358 egitura-plaza berri sortu dira. Hura da gaur onartu dena. Postu horien bidez, erantzun eraginkorra eman nahi zaie gaur egun eta epe labur eta ertainera Euskadiko gizarterako aurreikusitako osasun-beharrei. 358 plaza horiek Lehen Mailako Arretarako Estrategian jasotzeko arlo guztiak jasotzen dituzte, alegia:
-
- Populazioaren osasuna, herritarrengan zahartze nabarmenagoari aurre egiteko eta gaixotasun kronikoak dituen kolektibo handiagoari erantzun ahal izateko.
-
- Haur-osasuna, haur-osasunaren programa zabaltzen jarraitzeko.
-
- Administrazio-arloak.
-
- Fisioterapia. Berria Lehen Mailako Arretaren zerbitzu-zorroan.
-
- Aho-hortzen osasuna; prestazioen zorroa handitzen du.
Era berean, Zuzendaritza Nagusian Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Azpizuzendaritzari egitura sendoagoa emateko ere balioko du, zenbait programa zehaztu, zabaldu eta koordina ditzan.
Azken batean, hazkuntza hori honako honetan datza: aldi baterako 2.109 plaza, egiturazko bilakatuko liratekeenak, eta Lehen Mailako Arretako 358 plaza, sortu berriak. Guztira, 2.467 plaza gehitu zaizkio Osakidetzaren plantillari, eta, hala, egiturazko 30.073 plaza dira.
LAN-ESKAINTZA PUBLIKOAK
Hori guztia legegintzaldi honetan deitzen joango diren zenbait lan-eskaintza publikotan agertuko da. Une hauetan, 18/19 LEP garatzen ari da, eta, aurtengo abenduaren 31 baino lehen, honako hauen hautaketa-prozesuak deituko dira:
-
- Egonkortasunerako LEP (3.723 plaza)
-
- Berritzerako 2020ko LEP (1.002 plaza)
-
- Berritzerako 2021eko LEP (1.273 plaza)
Eta, une hauetan, 2022ko LEP dago onartzeko; hura aurreko prozesuei gehi lekieke.