Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Euskararen Adierazle Sistema datuz hornitzeko hitzarmena berrituko du EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu denez Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin Euskararen Adierazle Sistema (EAS) elikatzen jarraitzeko hitzarmena berrituko du. 2017-2020 epealdikoa zen aurreko hitzarmena eta orain onartu dena 2022-2025 epealdian egongo da indarrean.

Euskararen Adierazle Sistema (EAS) euskararen eremu osoan hizkuntza-egoera sozialaren berri ematen duen adierazle-sorta da. Era planifikatuan eta sistematikoan diseinatuta dago eta modu iraunkorrean eta antolatuan datuz elikatuta eta eguneratuta dago. Helburua euskararen egoera eta bilakaera jaso eta ezagutzera ematea, horrela, gizartearen esparru desberdinetan euskarak une jakin batean duen zabalkundea eta denboran zehar izaten ari den bilakaera zehatz-mehatz azaltzeko baliagarria izateko asmoz.

EAS-ek badu unibertsitate-arlo bat ere eta aditu lantalde batek adierazleak definitzen, datuz hornitzen eta sortzen diren beharrei erantzuten laguntzen du. Lantalde horretan daude Eusko Jaurlaritza eta hitzarmena sinatuko duten hiru unibertsitateak eta berriki taldera bildu den Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Unibertsitateen parte hartzea ezinbestekoa da beraien arloko informazioa modu seguru eta egokian eman ahal izateko.