Europako Eskualde eta Hirien 20. Astea/EWRC2022: Euskadik trantsizio ekologiko eta digitalarekin duen konpromisoa eta horri buruz duen ikuspegia ekarriko ditu, baita Europako kohesio-politikaren inguruan duen ikuspegia ere

Europar Batasuneko instituzioek antolatutako Europako Eskualde eta Hirien Astearen hogeigarren edizioaren aurtengo ardatza izan da kohesio-politika Europak aurrez aurre dituen krisiei ematen ari zaien erantzuna, trantsizio ekologiko eta digitalera zuzendutako europar hazkundearen ikuspuntutik.

Euskadiren EBko Ordezkaritzak koordinatuta, eta euskal parte-hartzearen 19. urte jarraitua izanik, EWRC2022 finkatu egin da EBko foro garrantzitsu gisa, tokiko eta eskualdeetako agintariek eragina eta ahotsa izan ditzaten europar agendan, Europako desafio eta erronka global nagusien aurrean.  Urriaren 10etik 13ra bitartean Bruselan egindako EWRC2022k 15 000 parte-hartzaile izan zituen, dela modu presentzialean dela online, eta 300 eztabaida-foro egin ziren bertan, 1 000 hizlarirekin baino gehiagorekin. Europako Eskualde eta Hirien Asteko gaiak honako hauek izan dira: trantsizio ekologiko eta digitala, lurralde-kohesioa eta gazteen ahalduntzea.

Euskadik 7 europar forotan baino gehiagotan parte hartu du, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, tokiko agintariek eta eragile sozioekonomikoek hainbat mintegi eta topaketatan esku hartu dute, europar bazkideekin batera. Esku-hartze horietan, jardunbide egokiak eztabaidatu eta aurkeztu ziren, besteak beste alor hauetakoak: ekonomia urdinaren jasangarritasuna, elikadura-sistema eta ingurumena, eta baita eraldaketa digitala eta espezializazio adimendunak eskualdeen arteko eta mugaz gaindiko lankidetzan duen potentziala ere.

19a euskal parte-hartzea EWRC2021ean

ELIKA/Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak «Baserritik Mahaira» estrategiari eta elikadura-sistemei buruzko konferentzia batean esku hartu zuen. Panel horretan, elikadura-sistemaren jasangarritasunaren alderdi askori eta eskualdeetan sendo errotuta egotearen garrantziari buruzko ikuspegi inspiratzaileak aurkeztu ziren,  Zehazki, ELIKAK Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskal Estrategia aurkeztu zuen.

Ekonomia urdin jasangarrirako europar Estrategiaren baitan, eta berrikuntzarako europar agendari eta europar eskualdeen erantzun konkretuei lotuta, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak aurkeztu zuen Euskadik eskualde-lankidetzaren europar ekimen batzuetan duen parte-hartzea, alor horren barruan.

Ildo beretik, Gasteizko Udala gonbidatua izan zen ingurumenaren kontserbazio jasangarriari eta hiri-plangintzari buruzko konferentzia batean esku hartzera. Eskualde arteko eta mugaz gaindiko lankidetzaren potentzialari dagokionez, bai IHOBEk (ingurumen jarduketarako sozietate publikoa) eta bai Euroeskualdeak –Akitania Berria, EAE eta Nafarroa- eskualde-ekosistemen rola defendatu zuten europar foroetan, unibertsitate-lankidetzaren eta lurraldearen espezializazioaren alde agertuz, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko.  Gisa berean, eraldaketa digitalak ere oihartzuna izan zuen europar foroan, zeren Euskadiko jardunbide egokiak aurkeztu baitziren euskal unibertsitate-sistemaren ordezkari baten bitartez.

Kohesio-politikak konbergentzia sustatzen du

Kohesio-politika, EBren inbertsio-politika nagusia izanik, Batasunaren aurrekontuaren herena da, gutxi gorabehera. Politika horren helburua da Europar Batasunaren barnean dauden desberdintasun ekonomikoak, sozialak eta lurraldekoak murriztea. Aspaldi honetan, gainera, politika hori lagungarria izan da EBko eskualdeek aurre egin diezaieten Europak azken urteetan jasan duen krisi handienetako baten ondorioei.

Kohesio-politika lehenengo lerroan egon da COVID-19aren pandemiaren edo Ukrainako errusiar inbasioaren aurka borrokatzeko. Kohesiorako eta Europako Lurraldeak Suspertzeko Laguntzari esker (REACT-UE), estatu kideek 45 2000 milioi euro programatu dituzte jadanik pandemiaren osteko susperraldirako, eta diru hori modu konkretuan aplikatzen hasi dira, tokiz toki. Europako Errefuxiatuentzako Kohesio Ekintzarekin (CARE), Batzordeak beste 10 000 milioi euro bideratu ditu Ukrainatik datozen errefuxiatuak hartzen dituzten Estatu kideei laguntzeko.  Horrez gain, kohesio-politikatik beste 330 milioi euroko finantziazioa aurreikusi da errefuxiatuen beharrak betetzen laguntzeko.

Gainera, kohesio-politikak efizientzia energetikoko proiektuak gauzatzen lagundu du, 19 200 milioi euro inguru bideratuta. Horietatik, 15 000 milioi euro eraikinak berriztatzera zuzendu ziren. Beste alde batetik, Bidezko Trantsiziorako Mekanismoak inbertsio pribatuak mobilizatzen lagunduko du, zeren inbertsio horiek oso beharrezkoak baitira etorkizunerako, Europak errusiar gasarekin duen mendetasuna murrizten duten efizientzia energetikoko proiektuak gauzatzeko.