Bidasoa Oarsoko Industrialdeak amaitu ditu Irungo Hiframasa lantegi zaharra birgaitzeko lanak, bertan bi enpresa berri ostatatzeko

Katea Legaia eta Railtek Ingeniería Industrial enpresak berehala kokatu ahal izango dira bertan.

Eraikitako bi pabilioi berriek 7.460 metro koadro erabilgarri dituzte eta, oso argitsuak izateaz gain, diseinu bersatila dute.

 

Bidasoa Oarsoko Industrialdea S.A.k -zeinetan partaide diren Sprilur, Gipuzkoako Foru Aldundia, Irungo Udala, eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalen ordezkari diharduen Oarsoaldea S.A.- amaitu ditu Irungo Hiframasa lantegi zaharraren instalazioak eraberritzeko lanak. 2021eko abuztuan abiatu ziren 9.718 metro koadroko espazio industrial hori birgaitzeko lanak, eta orain bi pabilioi berri jaso dira, eraikitako 7.460 metro koadro dituztenak. Eraikina aurreikusitako urtebeteko epean amaitu da, 7,3 milioi euroko inbertsioa eginda (lurzoruaren kopurua barne).

Eraikin berria oso argitsua da eta diseinu bersatilekoa. Eraikuntzaren ikuspegitik, pabilioien kanpoalde osoa hormigoi aurrefabrikatuzko panelekin egin da, testura desberdineko bi akabera erabilita. Era berean, eraikinaren inguruan zuhaitzak landatu dira, obra osoari emateko aurreikusitako itxura eta kalitatea.

1 pabilioiak 3.000 metro koadroko azalera eraikia du beheko solairuan, eta 1.453 metro koadro gehigarriko solairuarte bat, guztira 4.454 metro koadroko eraikigarritasuna duelarik. 2. pabilioiak 3.005 metro koadroko azalera eraikia du beheko solairuan eta, aurrekoak ez bezala, ez dauka solairuarterik, malguagoa izan dadin bertan kokatuko den enpresaren jarduerari egokitzeko.

Balio erantsi handiko bi empresa

Bi pabilioi berri horietan Katea Legaia eta Railtek Ingeniería Industrial enpresak kokatuko dira eta pabiloi biak osorik okupatuko dituzte. Kokatuko den lehen enpresak, Katea Legaiak, 4.500 metro koadro okupatuko ditu ogi-labeen fabrikazio aurreratuko linea bat jartzeko, beste jarduera batzuen artean. Proiektuaren asmoa da instalazio guztiak toki bakar batean biltzea, eta teknologia berritzailean eta robotizazioan oinarritutako makineria baliatuko dute. Baita ere aurreikusten dute hiru urtean hogeita sei lanpostu berri sortzea, hau da, egungo plantilla baino %50 gehiago. Katea Legaia enpresak lan mundurako sarbidea ematen die gizarteratze beharrean dauden pertsonei, eta desgaitasun maila jakin bat duten langileak eskaintzen dizkie lan-esku espezializatua behar duten enpresei.

Bestalde, 3.005 metro koadroko bigarren pabilioia Irungo Railtek ingeniaritzari esleitu zaio. Enpresa horrek tamaina handiko aluminiozko profilen prozesatu eta mekanizatuaren arloan dihardu. Euren produktuak burdinbide eta autobus elektrikoen sektoreetara bideratzen dituzte gehienbat (CAF, Talgo eta Irizar MObility). Kale-altzari eta fatxaden sektoreentzako piezak ere prozesatzen dituzte. Lantzen dituzten piezen prototipoek 30 metroko luzera izan dezaketenez, toki eta azpiegitura handiak behar dituzte halako piezak mekanizatu eta biltegiratzeko. Railtek enpresak aurreikusten du modu sostengatuan hazten jarraitzea eta 15 lanpostu berri sortzea hiru urteko epean.

Irungo Hiframasa lantegi zaharraren instalazioak birgaitzeko proiektuan oso garrantzitsua izan da erakundeen arteko lankidetza (Eusko Jaurlaritza-Sprilur, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Irun eta Oarsoaldeko Udalak Bidasoa Oarsoko Industrialdea, S.A.ren bidez), bai erabiltzen ez zen espazio industrial bat berritzeko, bai birgaitze prozesuari ekiteko, bai espazio hori azpiegitura berrituekin hornitzeko. Funtsean, eskualde horren ezaugarrietako bat da enpresa jardueretarako espazio eta azpiegituren etengabeko eskaera dagoela.

2024 urtera bitarteko Plan Estrategikoan jasotako jarduera-ildoetatik abiatuz, Sprilur-ek eta Industrialdeak Sozietateek helburutzat hartu dute jarduera ekonomikoetarako azpiegiturak sortzea, lehentasuna emanez erabiltzen ez diren lurzoruak edo aurri egoeran dauden hondakin industrialak birgaitu, zaharberritu eta optimizatzeari, Euskadin hazkunde eta garapen industrial jasangarria bultzatzeko.

Ildo hori gauzatzeko, Sprilur Taldeak oinarritzat hartzen ditu Plan Estrategikoak eta Programa Estrategikoak, kaltetutako lurzoruak berroneratu eta balioan jartzeko,  eta ekonomia eta enplegua berraktibatzeko EAEko lehentasunezko ekintza-esparru eta eskualdeetan.