Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazu Eusko Legebiltzarrean agertu da gaur, Euskadira iritsi diren Europako MRR funtsen berri emateko. Euskadik, oraingoz, 1.154 M€ lortu ditu, % 84,2 Eusko Jaurlaritzaren bitartez eta gainerako % 15,8 Estatuaren zuzeneko kudeaketaren bidez. Gainera, iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak adimen artifizialari eta zibersegurtasunari lotutako bi proiektu aurkeztu ditu RETECH ekimenean, 32,6 M€-ko balioa dutenak. RETECH ekimenaren helburua da eraldaketa eta espezializazio digitalera bideratutako eskualde-proiektuak egituratzea.
Azpiazu sailburua Ekonomia eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredorekin, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendari Juan Alberdirekin eta Kabineteko zuzendari Yurdana Burgoarekin batera agertu da, eta berriz azpimarratu du 2022. urtea eta, oso bereziki, 2023. urtea funtsezkoak izango direla MRR funtsak gauzatzeko.
“Next Generation funtsak aukeratzat hartu ditugu beti, eta are gehiago gerra batek bidegurutze berri batean jarri gaituen garai honetan”, adierazi du. Europako Batzordeak REPower EU Plana jarriko du abian energia-krisiari aurre egiteko, proiektu eta erreforma energetikorik egokienak identifikatuta, Estatuan, eskualde-mailan eta EBn. Testuinguru horretan, Euskadik bere proposamena landuko du, eta inbertsioak identifikatuko ditu Euskadi Next programan (programan dagoeneko sartuta daudenak eta detektatu diren beste batzuk), energia-egoerari aurre egiteko eta karbono-neutraltasunerako trantsizio bizkorrean aktiboki laguntzeko.
Azpiazuk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Berreskuratze Planaren gehigarrirako ekarpenak biltzen zituen proposamen bat bidali zion joan den irailaren 14an Nadia Calviño presidenteordeari, eta oraindik ez du erantzunik jaso. Proposamen horretan, EAEko erakunde- eta finantza-sarea eraldaketa ekonomikoko proiektu pribatuei finantzaketa nahikoa emateko baliatu ahal izateko eskatzen zen, era horretan Europako funtsen erabilerari arintasuna eta erritmoa emateko. Halaber, “PROIEKTU PUBLIKOETARAKO MRR BONUA” egituratzeko eta bonu hori zorpetzean ez zenbatzeko eskatzen zen.
EUSKO JAURLARITZAK ZUZENEAN KUDEATZEKO MRR FUNTSAK
Autonomia-erkidegoen artean arloko batzarraren edo zuzeneko emakidaren bidez banatutako 19.609,69 M€-etatik, Euskadiri 972 M€ esleitu zaizkio guztira (% 4,95). Haietatik, 805 M€ arloko batzarren bidez eta 167 M€ zuzeneko emakida bidez.
SAILA |
Banatutakoa (M€) |
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIOAK |
245,27 |
EKONOMIAREN GARAPENA, JASANGARRITASUNA ETA INGURUMENA |
235,39 |
BERDINTASUNA, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKAK |
140,43 |
HEZKUNTZA |
129,76 |
LANA ETA ENPLEGUA |
79,76 |
OSASUNA |
43,80 |
GOBERNANTZA PUBLIKOA ETA AUTOGOBERNUA |
38,49 |
TURISMOA, MERKATARITZA ETA KONTSUMOA |
37,77 |
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA |
16,73 |
SEGURTASUNA |
4,41 |
Guztira |
971,82 |
Eusko Jaurlaritzak garatu beharreko ekimenen % 20tan (autonomia-erkidegoen parte-hartzerik izan ez zuen Espainiako Berreskuratze Planean sartuta daudenak barne), zailtasunak sortzen ari dira Administrazio Zentralak proiektuetan egindako diseinu-akatsen ondorioz; izan ere, horietan ez dira kontuan hartu Euskal Autonomia Erkidegoko beharrak eta eskariak. “Horrek agerian uzten du Berreskuratze Planaren diseinuan parte hartzeko –eta, era horretan, plana autonomia-erkidegoen errealitatera egokitzeko– egin dugun eskaeraren garrantzia”, ohartarazi du Azpiazuk.
ESTATUAK KUDEATZEKO MRR FUNTSAK
Egindako analisiaren eta jarraipenaren arabera, Euskadin 150,49 M€ banatu dira Estatuaren deialdien bitartez, hau da, bide horretatik banatutako guztizkoaren % 4,8. Horrez gain, euskal eragile publiko eta pribatuek 31,76 M€ jaso dituzte zuzeneko esleipenaren bidez. Guztira, Euskadik 182,25 M€ lortu ditu, hau da, Estatuak zuzenean kudeatutako guztizkoaren % 4,2.
Zifra horren eta Estatuko Gobernuak berriki eskainitakoaren (389 M€) arteko alde handia Eusko Jaurlaritzak ibilgailu elektriko konektatuaren eta abangoardiako osasunaren PERTEen behin-behineko ebazpenak kontabilizatu ez dituelako gertatu da. Izan ere, behin-behineko datuak dira, eta beharrezkoa da behin betiko ebazpena ematea eta esleipendun potentzialek ematen zaizkien dirulaguntzak eta maileguak eta haien baldintzak onartzea.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak berriz adierazi du oso garrantzitsuak direla onartutako 11 PERTEak, eta euskal ekonomiarako funtsezkoa izango litzatekeela PERTE horietara bideratutako zenbatekoa (33.000 M€ baino gehiago) lehenbailehen mobilizatzea, garrantzi estrategikorik, erakartzeko gaitasunik eta ekonomia eraldatzeko ahalmenik handieneko proiektuei lekua eta finantzaketa-aukera emateko.
“Berriro diogu prest gaudela Espainiako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko, PERTEen kudeaketa eta gauzatzea bizkortu ahal izan dadin, eta babesa eta euskarria eskaini nahi diegu gure enpresa eta eragile zientifiko teknologikoei, beren proiektuak deialdietara egokitu eta aurkeztu ditzaten”, adierazi du.
MRR FUNTSAK EAE-KO TOKI-ERAKUNDEETAN
EAEko toki-erakundeek lortutako zenbatekoa 122 M€-tik gorakoa da gaur egun (arestian adierazitako zuzeneko kudeaketako 182,25 M€-ko zifran sartuta dago). 187 udalerrik jaso dituzte funtsak, eta, logikoa denez, hiriburuek bildu dute haien ehunekorik handiena: % 74,7 (Bilbok % 30,9, Donostiak % 29,2 eta Gasteizek % 14,6). Lurraldeak kontuan hartuta, Bizkaiko 78 udalerrik funts guztien % 42,5 jaso dituzte, Gipuzkoako 73 udalerrik % 40,3, eta Arabako 36k % 17,2.
Xedeak udal-eskumenei lotutakoak dira: hirietan mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuko eredu bat bultzatzea (% 65,4), turismo-sektorearen modernizazioa eta lehiakortasuna (% 26,2), hiri-enpresa txiki eta ertainak bultzatzea (% 4,8), konektagarritasun digitala, zibersegurtasuna bultzatzea eta 5Ga zabaltzea (% 2,9), hiri-birgaitze eta -berroneratzea (% 0,7) eta lanbide-heziketa bultzatzea (% 0,1).
RETECH proiektuak
RETECH programa (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak) Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren ekimen bat da, eta joan den uztailaren 8an aurkeztu zen. Programa horren helburua da eraldaketa eta espezializazio digitalera bideratutako eskualde-proiektuak egituratzea, eta nahitaezkoa da beste bi autonomia-erkidego gehiagorekin parte hartzea eta parte hartzen den proiektuetako bat baino ez gidatzea.
Calviño presidenteordeak uztailean lehendakariari igorritako gutunean, programa horren berri eman zen, eta abuztuaren hasieran Eusko Jaurlaritzak bere proposamenak aurkezteko gonbidapen publikoa jaso zuen. Joan den urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzak bi ekimen aurkeztu zituen:
-
- “Adimen artifiziala eta industria”. Euskadik gidatzen du, eta Madrilgo eta Galiziako autonomia-erkidegoek parte hartzen dute. Helburua da industrian aplikatutako adimen artifizialaren erabilera-kasuak garatzea, enpresa-eskariari erantzuteko. Proiektuaren guztizko aurrekontua 18,6 M€ da Euskadirako, eta Estatuak 12,5 M€ finantzatuko lituzke.
-
- “Zibersegurtasuna”. Gaztela eta Leongo Juntak gidatzen du, eta, Euskadik ez ezik, Andaluziak ere parte hartzen du. Proiektuaren helburua da koordinatutako eskualde-mailako zibersegurtasun-nodoen sareko lanaren bitartez zibersegurtasun-ekosistema bultzatzea eta sendotzea. Euskadirako aurkeztutako aurrekontua 14 M€ da, eta Estatuak 10,5 M€-ko ekarpena egingo luke.
Ebazpena urtea amaitu aurretik jakinaraziko da.