Barakaldoko Udalak hamabi hitzaldi antolatu ditu adinekoentzat eskura dituzten udal zerbitzuak gerturatzeko

Hitzaldiak aste honetan, ostiralean, urriaren 28an hasiko dira, eta besteak beste honako gai hauek jorratuko dituzte: adinekoentzako gizarte baliabideak; martxa nordikoaren onurak; Betion telelaguntza-zerbitzua; nola egin izapideak bitarteko elektronikoen bidez; boluntarioak eta prebentzioa aho-hortzen autozainketan. Topaketak 12:00etan izango dira Anaiak, Gurutzeta eta Clara Campoamorren ISZetan. Erabat doakoak dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Mikel Antizarrek zuzentzen duen Gizarte Ekintza Arloak Udalak adinekoei ematen dizkien zerbitzuak hurbildu nahi dizkie. Horretarako informazio-hitzaldiak antolatu dira, hain zuzen ere hori lortu nahi dutenak, Udalak adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko bultzatzen dituen ekintzak hurbiltzeko eta haien funtzionamenduari buruzko informazioa emateko. Zentzu horretan urriaren 28tik martxoaren 31ra bitartean Anaiak, Clara Campoamor eta Gurutzeta ISZen artean banatuko diren hamabi hitzaldi izango dira. Hitzaldiak doakoak dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

«Barakaldoko adinekoek udalerrian ematen diren zerbitzuei buruzko informazio hobea eskatu digute. Eta hori da egiten ari garena. Adinekoentzako gizarte zerbitzuei buruzko gida espezifiko bat sortu dugu, eta, orain, hitzaldi-ziklo hau antolatu dugu. Horren bidez eskura dituzten hainbat zerbitzuk nola funtzionatzen duten azaldu nahi diegu, besteak beste telelaguntza-zerbitzuak, boluntariotzak edo Udala Etxean programaren barruko Tramitafácil tresna berriaz baliatuta bitarteko elektronikoen bidez izapideak nola egin», adierazi du Antizarrek.

Lehenengo hitzaldia ostiral honetan izango da, 12:00etan, Anaiak ISZn. Bertan  Barakaldoko Udaleko Adinekoen eta Ezgaitasunen ataleko burua den Itziar Menaren eskutik adinekoentzako gizarte baliabideei buruz hitz egingo da. Hitzaldia urtarrilaren 20an errepikatuko da Gurutzetan (12.00etan).

Bigarrenean hizlaria Juan José Arana izango da, Barakaldoko mediku estomatologoa, eta martxa nordikoak adinekoentzat dituen onurak azalduko ditu. Hitzaldia otsailaren 3an errepikatuko da Gurutzetan (12.00etan).

Azaroaren 11n, Anaiak ISZn, Leire Támara, BetiOneko koordinatzaile komunitarioa, izango da Telelaguntza zerbitzuari buruz hitz egingo duena. Hitzaldia otsailaren 17an Gurutzetan egingo da, 12.00etan.

Azaroaren 18an Clara Campoamorren eta martxoaren 3an Gurutzetan izapideak bitarteko elektronikoen bidez nola egin ikasi ahal izango da. Hitzaldia Asier Rodriguezek,  Barakaldoko Informazio eta Estatistika Zerbitzuko buruak emango du. Bertan  Barakaldoko Udalak abian jarri duen Udala Etxean programa aitzindaria eta online tramitea egiten ari den bitartean herritarrak gidatzeko programa honek  duen laguntzaile birtuala azalduko du. Auzoetako bulego birtualekin izapideak nola egin daitezkeen erakutsiko da.

Abenduaren 2an, Anaiak ISZn boluntariotzari eta adinekoei buruzko mahai-ingurua egingo da.  Ekitaldia Gurutzetan errepikatuko da martxoaren 17an eta Gurutze Gorriko Ibon Perezek, Nagusilan Bizkaia Elkarteko Felipe Zorrillak eta Laguntzen Elkarteko Aurora Navajasek parte hartuko dute.

Azken hitzaldiak prebentzioa eta aho-hortzen autozaintza izango ditu ardatz. Abenduaren 16an eta martxoaren 31n egingo da eta hizlaria Juan José Arana Barakaldoko mediku estomatologoa  izango da.

«Gure ustez herritarren interesekoak izan daitezkeen hitzaldiak dira, eta, horregatik, hiriko adinekoak horietara joatera eta haietaz gozatzera animatu nahi ditut», esan du zinegotziak amaitzeko.