Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Peñascal auzoaren etorkizuneko hiri-diseinurako aukerak aurkeztu dituzt

Peñascaleko Plan Berezia egiteko prozesuaren barruan (idazteko prozesuan dago orain), Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak abiarazi dute jada herritarrek parte hartzeko prozesua, bizi diren lekurako hiri-diseinuko aukeren artean hautatzeko aukera izan dezaten auzotarrek.

Zehazki, hiru aukera aurkeztu eta proposatuko zaizkie herritarrei. Hiruren ezaugarriak dira:

    • Bidea ematen dute biltzeko, egoteko eta umeen olgetarako gune publiko berriak sor daitezen.
    • Eraikin eta espazio publiko guztien irisgarritasun unibertsala bermatzen dute arrapalen bidez.
    • Auzoko aparkamendu-beharrari erantzuten diote.
    • Etxebizitza berri guzti-guztiek izango dute orientazio bikoitza, eguzkiak eman diezaiela eta aireztatzea bermatzeko.

A aukera

Lehen aukerak eragin minimoa izango luke ekialdeko magalean, eta eraikin guztiak mendebaldeko magalean bilduko lituzke. Blokeak hamabi atari atxikiren bidez gauzatuko lirateke, eta bakoitzak 12 metro izango lituzke barrenera, eta orientazio bikoitza izango lukete, eta, atari bakoitzean, eskailera-buru bakoitzean bi bizitegi izango lirateke.

12 metro barren izanik, ez litzateke gehiegi moztu behar izango magala. Hala, bere horretan utziko litzateke kalearen egungo antolaera, eta eraikuntza jarraitua sorraraziko litzateke. Aukera honen bidez, 224 etxebizitza berri sortuko lirateke, eta bizitegietarako eraikinen garaiera beheko solairua eta beste bederatzi izango litzateke. Bestalde, 178 aparkaleku berriei dagokienez, sestra peko bi solairutan egingo lirateke, plaza eta parke berrietarako lekurik ez kentzeko.

B aukera

Bigarren aukera honetan, eraikin berriak kalearen mendebaldean egingo lirateke, eta horrek ekarriko luke beste eraikin bat ordeztu beharra, eraikuntza handiagoa hartu ahal izateko. Era horretan, bost bloke bereizi diseinatu ahal izango lirateke, haien artean espazio libreak eratuz, eta, hartara, auzoari gehiago emango lioke eguzkiak eta aireztatzea ere hobea izango litzateke.

Bloke bakoitzak, kasu horretan, lau bizitegi izango lituzke solairuko, guztiak orientazio bikoitzekoak. Hartara, 214 bizitegi izango lirateke, eta blokeen garaiera, hartara, aurreko aukeran bezalakoa izango litzateke: beheko solairua eta beste bederatzi bizitegi. Blokeen atzealdean, ezpondaren kontra, oin-zerrenda bat izango lukete elkarrekin bi solairuk, eta 208 garaje leku egiteko baliatuko litzateke, eta zati txikiagoa kenduko litzaioke magalari.

Diseinua bururatzeko, beste bloke bat (beheko solairua eta beste bederatzi) gehituko litzateke lehendik dagoen umeen olgetarako plazaren ondoan.

 C aukera

Hirugarren aukera honen bidez, eraikinen garaiera txikiagoa izango litzateke, eta eraikin gehiago egingo lirateke, baina txikiagoak. Aukera honen bidez, auzoak eguzki gehiago izango luke. Proposatzen da auzoaren hegoaldeko industria-eraikina ordeztea bizitegietarako eraikin berri batekin (beheko solairua eta beste bederatzi), eta, horrela, egoitza-inguru bat sortzea autobus geltokiaren eta goragoko kirol eremuarekiko loturaren inguruan, eta bigarren aukerako bost eraikin lerrokatuak ere antolatzen ditu, baina haiei garaiera txikiagoa emanez, bi solairu gutxiagorekin (eta, hartara, beheko solairua eta beste zazpi izango lituzkete blokeek).

Kalearen ekialdean, lehendik dauden eraikinen horma-bitartekoak estaltzeko, bi eraikin proiektatuko lirateke, bat lau solairukoa eta bestea bostekoa, eta, hartara, fatxada atseginagoak gertatuko lirateke ingururako eta sortzekoa den plaza berrirako. Aukera izango litzateke lokalen bat sortzeko, auzoko hiri-paisaia eta jarduera hobetuko lukeena. Azkenik, umeen olgetarako egungo parkearen ondoan, bi eraikin proiektatuko lirateke, hiru eta lau solairukoak, inguru eraikiarekin bat letozkeenak. Guztira, 225 etxebizitza berri eta 250 aparkaleku izango lirateke sestra azpiko solairu bakarrean

Parte hartzeko prozesua

Herritarrek parte hartzeko gauzatuko den programa, berriz, prozesu antolatu baten moduan dago pentsatuta, zeinak jarraipena izango baitu denboran, eta garapenaren arabera aldatu ahal izateko modukoa izango baita, eta aukera emango baitu nolabaiteko eragina jasaten duten pertsonen iritziak Udaleko teknikari eta arduradunengana errazki eta garbi iristeko, halako eran non bildutako informazio guztia hartuko baita kontuan Plan Berezia idazteko prozesuan bertan. Herritarrendako informazio saioak, zabalkunderako material batez ere ikusizkoak banatzea haien artean (infografiak, bideoak…), saio teknikoak iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko…Hara hor herritarren iritziak biltzeko baliatuko diren kanaletako batzuk. Gaur arratsaldean bertan aurkeztuko dira auzoan parte hartzeko programa eta diseinu-aukerak, eta prozesu horretan herritarrekin batera egiteko lehen jardunaldiak azaroan izango dira.

84 etxebizitza sozialeko blokea, etxez aldatu behar duten familientzat 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eremu horretan egingo dituen hurrengo urratsak ere jakinaraziko ditu. 84 etxebizitza sozialeko eraikin bat egingo du, zenbait bizikidetza-unitatek etxebizitza berriak izan ditzaten. Gero, etxebizitza zaharrak eraitsiko dira.

Bloke berria 200.244 metro karratuko partzela batean eraikiko da. Bost ataritan banatuko da eta bost solairu izango ditu gorantz, baita bi soto-maila ere, 84 garaje plazarako eta 84 trastelekurako (solairuarte bat egongo da, bizikleten aparkalekuarekin eta hondakinen biltegiarekin). 84 etxebizitza horien artean hamar logela bakarrekoak izango dira, 66 bikoak (haietako lau egokituak), eta beste zortziak hiru logelakoak. Etxebizitza horiek goiko bost solairuetan eta beheko solairuan egongo dira eta terraza edukiko dute.

Eraikina egiteko eta ondoko urbanizazioko lanak egiteko, sailak 15,5 milioi euroko inbertsioa egingo du (BEZ kanpo), ingurumen aldetik jasangarria izango da, eta aerotermiako sistema bat edukiko du, berokuntzarako eta ur bero sanitariorako bero-ponpa zentralizatuekin, zeinak plaka fotovoltaikoekin osatuko baitira. Blokearen eraikuntza 2023an hasteko asmoa dago. Hasi baino lehen, inguruan landaredun ezpondekin konbinatutako harri-lubeta bat sortzeko lehenengo fasea amaitu da. Ezponda horren bitartez, eraikina egongo den mendiaren hegal pikotik jaisten den ura bilduko da, uholderik eta hezetasunik egon ez dadin.

Aurrekariak

Peñascal auzoa Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian dago jasota, oneratu beharreko inguru baten moduan. Oneratze horren beharra justifikatua da, hirigintzaren andeatze bat gertatu duela agerikoa baita gaur egungo auzoan.

Urteokaz, hainbat akordio eta hitzarmen egin izan dira Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren artean, eraikitako bizitegi-parkea oneratzearren, arazoak ageriko dituzten bizitegi-unitateak apurka-apurka kenduz eta ordeztuz.

Jardunen artean, hor dago Iturrigorri-Gardeazabal eremuan 222 bizitegi ordeztu zirenekoa, eta Arraizbidean eta Iturrigorribidean auzotarrei ordezko bizitegi berriak emateko bloke berriak eraiki zirenekoa.

Eta xede horri jarraipena emanez, 2020ko uztailaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Bilboko Udalaren artean Jarduteko Protokolo Orokor bat sinatu zen, Peñascal auzoan babes publikoko etxebizitza berriak sustatzearren.

Gogorarazi beharra dago nola Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra 2022ko martxoaren 31ko osoko bilkuran onetsi zen. Plana egiteko prozesuan bertan, bilerak egin ziren Peñascaleko auzotarrekin, haien iritzia jakitearren eta erabakiak hartzen parte hartzeko aukera ematearren. Prozesu hori bi bilera irekitan gauzatu zen, Iturrigorri-Peñascal familia elkartearen egoitzan (2017ko ekainean, 2017ko azaroan eta 2018ko apirilean).

HAPOak auzoaren diseinu berrirako jasotzen hirigintza baliabidea Plan Berezi bat da, auzoaren diseinu berria jasoko duena.

Horrek berekin dakar honako hauek definitu beharra, besteak beste: nola eraitsiko diren lehendik dauden eraikina, eta nola ordeztuko berriekin, nola sortuko diren behar diren ekipamenduak eta espazio libreak, zer neurri ezarriko diren irisgarritasuna hobetzeko, segurtasuna hobetzeko eta abar.

2021eko uztailaren 7an, Bilboko Udalak Plan Berezia egiteko lanei ekin zien.