Euskadiko 2023ko Aurrekontuen Proiektuak 14.250 milioi euroko zenbatekoa du, gizarte-politika eraginkorrak bermatuko ditu eta jarduera ekonomikoa bultzatuko du, enplegua sortzeko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera.

Pedro Azpiazu sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Proiektua aurkeztu du. Aurrekontuek 14.250,7 milioi euroko zenbatekoa izango dute, eta, beraz, % 8,7ko igoera izango dute 2022an onartutakoekin alderatuta (1.142 milioi euro gehiago). Aurrekontuen proiektu horren % 76 (10.254,6 M€) gizarte-politiketara bideratuko da. Aurrekontu-igoerarik handiena izango duten Sailak Osasuna eta Hezkuntza izango dira, eta, haien atzetik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa, Lana eta Enplegua eta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak. Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio inbertsio publikoaren aldeko apustu irmoari, eta 1.800 milioi eurotik gorakoa izango da (2022an baino % 14,8 handiagoa). Halaber, I+G+Bra bideratutako aurrekontuak % 12ko igoera izango du, eta 658,4 milioi eurora iritsiko da (2022an baino 70,6 milioi euro gehiago).

“Aurrekontuen proiektu honen oinarriak oso sendoak dira, eta haren kaudimenak bermatzen du Euskadi gai izango dela bere zerbitzu publikoen mailari eusteko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, enplegua sortzeko eta bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial nahasiari aurre egiteko”, adierazi du Azpiazuk.

Proiektua onartzeko aurreikusitako eguna abenduaren 23a izango da. “Espero dut guztiok guztion ongiari lehentasuna ematea, erantzukizuna, errealismoa eta kudeaketa publiko zentzuduna eta zalapartarik gabea beharrezkoak diren garai nahasi hauetan”, adierazi du sailburuak.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lehengo sektorearekin lotuta, mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, ekoizleen elkarteak eta lanbide arteko erakundeak finanziatzeko ArdoINB diru laguntzen kopurua zabaltzea erabaki da. Laguntza hauek 1.100.000 gehiago izango dituzte mahastizaintza- eta ardogintza-sektorean egiten diren inbertsioei laguntzen jarraitzeko, enpresen errendimendua hobetzeko, merkatuaren eskaeretara egokitzeko eta lehiakortasuna handitzeko.

Hezkuntza saialarekin zerikusia duten bi gai ere nabarmendu ditu Zupiriak.

Alde batetik, 3,5 milloi euro onartu dira udal haur eskolen mantendurako, eskola hauek eskaintzen duten zerbitzua funtsezkoa gertatzen baita euskal familia askorentzat, familia bizitza eta lan bizitza bateragarri egin ahal izateko.

Bestetik, 2023ko udan Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko egonaldietarako deialdia egiten duen Agindua onartu du gaurko bileran. 532 plaza eskaintzen dira, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta. Deialdi honek 848.000 euroko diru-kopurua du. Hezkuntza Sailak Agindua Buletinean argitaratu eta hurrengo egunean irekiko du eskaerak aurkezteko epea eta aurreikuspenen arabera azaroaren erdi aldera argitaratuko da.

Prentsa-txostena