Ertzaintzak zehapen-espedientea ireki die Bilboko bi joko-aretori, adingabeak sartzeko debekua urratzeagatik

Ertzaintzak zehapen-espediente bana ireki dizkie Bilboko bi joko-aretori, barruan hiru adingabe aurkitu ondoren, eta horietako bi jokatzen ari ziren identifikatu zituzten unean.

Adingabeak joko-aretoetan sartzea debekatzen duen araudia betetzen dela bermatzeko ezarritako prebentziozko dispositibo batean parte hartzen ari ziren Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizunen Unitateko agenteek bi gazte aurkitu zituzten lokal batean, eta horietako bat jokatzen ari zela ikusita, agenteek dokumentazioa eskatu zieten eta biak adingabeak, 15 eta 17 urtekoak, zirela egiaztatu ahal izan zuten.

Operatibo horren esparruan, eta Bizkaiko hiriburuko beste joko-areto batean, beste adingabe bat, 16 urtekoa, ere jokatzen ari zen identifikatu zuten unean.

Zigorrak

Kasu hauetan aretoan adingabe bat egoteagatik establezimenduko joko-operadoreari jartzen zaion zigorra 6.000 eurokoa da, eta gaztea jokatzen ari bada, kasu honetan bezala, zigorra 60.000 eurokoa da. Era berean, hiru adingabeei zehapen-espedienteak ireki dizkiete Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea ezarriz, eta gertaeraren berri eman diete horien tutoreei.

2022ko balantzea

Aurtengo urtean zehar 9 akta egin dira 7 joko-aretotan eta 2 tabernatan, eta inplikatutako adingabeak 13 izan dira.

Ertzaintzak gogoratzen du 18 urtetik beherako pertsonek debekatuta dutela jokatzea eta joko-aretoetan sartzea.