Berriker 3,5 milioi euroko laguntzak nekazaritza, arrantza eta basogintza sektoreetako I+G+b jardueretarako

    • Eraginkortasuna handitzeko, lehiakortasuna hobetzeko, hazkunde jasangarriari laguntzeko eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko
    • Diruz lagunduko dira, besteak beste, langile-gastuak, azpiegiturak, patenteak eta ustiapen-gastu orokorrak

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, azken bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Agindua onetsi du. Agindu horrek Berriker 2022 deialdiaren oinarriak arautzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura»produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzak ematen ditu. 3,5 milioi euroko zuzkidura dute, eta elikaduraren eta zuraren balio»kateko enpresetan praktika jasangarriei buruzko ezagutza sustatzea eta sortzea dute helburu, sektore horien epe labur eta ertaineko erronkei aurre egiteko.

Laguntza horien ildoak I+G arloetako proiektuak finantzatzera bideratuta daude, Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, Baserritik mahaira estrategiari eta I+G arloko Sailburuordetzaren planei lotuta.

Enpresen, elkarteen eta enpresa-partzuergoen proiektuak bultzatuko dira, ikerketa industriala eta garapen esperimentala sustatzeko, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen proiektuak ere, ezagutza sortzeko. Hirugarren lerro batean ere kontuan hartuko dira oinarri teknologikoa duten negozio-prozesuetan berrikuntza-proiektuei laguntzea, teknologia digitalak barne, elikaduraren eta zuraren balio-kateko enpresetan ekoizteko, eraldatzeko, banatzeko edo merkaturatzeko negozio-prozesuetan.

3.500.000 euro bideratuko dira laguntza horiek finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izango dira: langileen, ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen gastuak, baldin eta proiektuan parte hartzen badute; tresneria- eta material-gastuak, eraikinak eta lurzatiak, kontratu-ikerketa, ezagutza teknikoak eta eskuratutako edo kanpoko iturrien lizentziatik eskuratutako patenteak, gastu orokorrak eta beste ustiapen»gastu gehigarri batzuk, proiektutik zuzenean eratorritako bidaia- eta material»kostuak, hornidurak eta antzeko produktuak barne. Baita proiektuaren zatiak azpikontratatzea ere.

Aurkezteko epea

Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzten eskaerak. Pertsona juridikoek, berriz, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dute eskaera. Epea hilabete batekoa izango da, agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Aurrez aurreko kanala: eskaerak zuzenean aurkeztuko dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Legean aurreikusitako edozein lekutan.

Kanal elektronikoa: eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/ servicios/0110308

Eskaerak eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.

https://www.euskadi.eus/servicios/0110308