Euskadin erregistratutako langabeziak behera egiten jarraitzen du pixkanaka, eta errekorra izan du urrian. Datu hori eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren gorakada dira nagusi gaur egun Astekonomian. Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpen horrek, beste atal batzuen artean, Gizarte Segurantzako afiliazioaren hazkundeari ere erreparatzen dio, bai eta Euskadik industria-produkzioaren izandako balantze onari ere.
Urrian, Lanbideren bulegoetan izena emandako pertsonen kopurua % 5,6 murriztu zen aurreko urtearen aldean. Guztira, 112.000 langabe baino gutxiago zeuden erregistratuta, azken hamalau urteetako urriko kopururik txikiena. Langabezia % 4,0 murriztu zen emakumeen artean, eta % 7,8 gizonen artean.
Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egiten jarraitzen du, erritmo onean. Urrian, urte arteko hazkundea % 1,6koa izan zen. Emakumeen afiliazioa % 1,9 igo zen, eta gizonena, berriz, % 1,4. Industriak (% 1,2) pixka bat bizkortu zuen aldakuntza-tasa, eta eraikuntzak (% 1,4) eta zerbitzuek (% 2,0) iraileko datuak errepikatu zituzten.
Eustaten arabera, irailean Euskadiko industria-produkzioa % 3,7 hazi zen aurreko urtearen aldean. Igoera bereziki nabarmena izan zen energiaren sektorean (% 15,0), baina esanguratsua da ekipamenduko ondasunen aldakuntza-tasa ere (% 6,9). Aitzitik, kontsumo-ondasun iraunkorrek ekoizpena murriztu zuten (-% 8,4).
Asteroko laburpen hori (Ekonomia Zuzendaritzak egina da «Astekonomia» izenarekin) eta minutu bateko iraupeneko bideo horien oinarria da, eta gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea dute heburu.