Biktima erori egin da baso batean moto-krosa egiten ari zenean, eta Ertzaintzaren helikoptero batek erreskatatu behar izan du lekura iristeko zailtasunaren ondorioz. Gero anbulantzian eraman dute Zumarragako ospitalera.
Istripua gaur arratsaldeko ordu bata hogei gutxiak aldera gertatu da Ataun eta Lizarrusti arteko baso-bide batean. Larrialdietarako Zerbitzura egindako dei baten bidez ohartarazi du pertsona batek laguna erori egin dela moto-krosa egiten ari zenean. Motozaleak min hartu du aldakan eta ezin zen mugitu.
Istripuaren berri izan bezain laster mobilizatu dituzte lekura larrialdietako zerbitzuak, horien artean suhiltzaileak, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko kideak eta helikoptero bat eta Oriako Ertzain-etxeko baliabideak. Erreskate-lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu.
Biktima beste baliabide batzuekin erreskatatzeko zailtasunak kontuan hartuta, aireontzia mobilizatu dute, eta zauritua hartu eta Zumarragako futbol-zelairaino eraman du. Bertan zain zuen anbulantziak eraman du zauritutako motozalea, 32 urtekoa, Zumarragako ospitalera.