Euskal ekonomiak “hazkunde sendoari” eutsi dio urrian, 100 puntutik gora jarraitu baitu, azken hilabeteetan atzematen den dezelerazio txikiko prozesuaren barruan. Zehazki, joan den hilean 117,2 puntuko baliora iritsi zen, irailean baino ia bi puntu eta erdi gutxiago (119,6), betiere Ekonomia eta Ogasun Sailak urriko termometroan jasotako datuen arabera.
Termometroak islatzen du inbertsioak zertxobait egingo duela gora, baina, horren aurka, esportazioek indar pixka bat galdu dutela eta kontsumo pribatua ahulagoa izan dela. Bestalde, ez da aldakuntzarik izan sektore publikoaren erritmoan. Sektore ekonomikoen ikuspegitik, guztiak ari dira indarra galtzen hilabeteak igaro ahala.
Adierazle horrek, 2022ari hasiera emateko, 131,6 puntu izan zituen urtarrilean, eta hurrengo hilean lortu zuen urteko baliorik onena, 131,9 punturekin. Errusiak otsailaren 24an hasi zuen eta oraindik jarraitzen duen Ukrainaren inbasioaren ondorioak agerikoak dira munduko ekonomian, eta pandemiaren ondorengo susperraldia moteldu egin da.
2021eko apiriletik, euskal ekonomiak “hazkunde sendoari” eusten dio.
Termometroa hilero lantzen da euskal ekonomiaren 100 adierazle baino gehiagotan oinarrituta, eta hil bakoitzeko lehen egunetan ematen da argitara.