Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoen eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkaritza batek parte hartu du egun hauetan Dublinen egin den Hezkuntza Globalari buruzko Europako Kongresuan. Europako Hezkuntza Globalaren Sareak, GENEk, 2050 Hezkuntza Globalari buruzko Europako Adierazpena sinatu du, Dublingo Adierazpena izenarekin ezaguna. GENEk Europar Batasuneko kide diren herrialdeetako ministerioek eta agentziak biltzen ditu eta Europako Batzordearekin lan egiten du.
Hezkuntza sistemak aldatzen ari dira, ikasleei mundu konplexu bat aztertzeko beharrezko ezagutzak eta baliabideak emateko. Era berean, gero eta gehiago dira gizarte eraldaketarako hezkuntza edo hezkuntza globala premiatzat hartzen duten Europako herrialdeak. Hezkuntza horrek berekin dakar pertsona guztientzat giza eskubideak, inklusioa eta bizitza duina errespetatzea, eta hezkuntza ekimen mota guztiak hartzen ditu barne, bai formala eta baita ez formala ere.
Zentzu horretan, Paul Ortegak, eLankidetzako zuzendariak, gogorarazi du Euskadik baduela duela 5 urte sortu zen (H)ABIAN 2030 “gizarte eraldaketarako hezkuntza estrategia bat da non hezkuntza eragileek, erakunde publikoek, GKKEek eta elkarte kulturalek konpromisoa hartu zuten ekintzak sortzeko bidezkoagoa eta pertsonen eskubideak erdigunean jarriko duten gizarte bat sustatzeko”.
Adierazpenean parte-hartzea
GENEk partaidetza prozesu bat ireki zuen 2020an; izan ere, hezkuntza globala tresna gisa bultzatzeko beharra ikusi zuen, giza eskubideak, genero berdintasuna edo iraunkortasuna aintzat hartzen duten gizarteak lortzeko.
Adierazpena hiru kontsulta prozesuren emaitza da: prozesu politiko bat, non gobernuetako, ministerioetako eta nazioarteko erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten; prozesu bat hezkuntza globaleko politikako protagonistak diren pertsona eta erakundeekin, gazteak, gizarte zibileko erakundeak, unibertsitateak edo Europako tokiko eta eskualdeko gobernuak barneratu zituena, eta, hirugarrena, sentsibilizazioa eta kontsulta publikoa. Tokiko eta eskualdeko gobernuei kontsulta egiteko prozesuan, Basque Country-k, eLankidetza eta Euskal Fondoa barneratzen dituena, Platformako kide gisa parte hartu zuen. Platforma nazioarteko elkartasunean lan egiten duten tokiko eta udal gobernuen koalizio paneuroparra da.
Ildo horretan, maiatzean jardunaldi batzuk antolatu ziren Bilbon, Platformarekin batera, (H)ABIAN 2030 estrategiaren bosgarren urteurrena ospatzeko eta gizarte eraldaketarako hezkuntzako esperientzia europarrak ezagutzeko.
Dublingo adierazpenak 2050 urterako Europako herrialdeetan hezkuntza globalean politika, estrategia eta bultzada indartzeko erreferentzia esparrua izan nahi du. Konpromisoekin batera, mekanismo praktikoak ere jasotzen ditu. Ortegak esan duenez, “gaur inoiz baino gehiago, beharrezkoa da askotariko borondateak batzen jarraitzea eta munduan nahi ditugun aldaketa horiek ikusteko ekintza zehatzak egitea”.