Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak bultzatutako Uhinak kongresuak bosgarren edizioa egingo du Ficoban, “Klima larrialdiaren aurrean ekiteko eta komunikatzeko mugitzen gara” lemapean. Uhinak kongresuaren bosgarren edizio hau bereziki garrantzitsua da, eta egoera globalak eta egun hauetan (azaroaren 6tik 18ra) Egipton egiten ari den klimaren gailurrak (COP27) markatzen dute.
Erronkak garrantzitsuak dira. ‘Green Deal’ edo Europako Itun Berdeak Europa karbono isuri garbirik gabeko lehen kontinente bihurtu nahi du 2050erako. Data horretarako, Europak karbono neutraltasuna lortu behar du, hau da, atmosferara isurtzen den CO2 kantitateak hainbat metodoren bidez erretiratzen denak adinakoa izan behar du. Baina, gainera, datozen zortzi urteetan, 2030erako, Parisko akordioa betetzeko konpromisoa dugu eta batez besteko tenperatura globalaren igoerak ez du 2°C-tik gorakoa izan behar.
Helmugara iristeko, Europak erabat aldatu behar du energia ekoizteko eta kontsumitzeko modua. Hala ere, gaur egungo egoerak eta Errusiak gasaren mozketa gerrarako arma gisa erabiltzeko mehatxuak aldatu egin dezakete helmuga horretara iristeko bide orria.
Pixkanakako deskarbonizazio horretan aurrera egiten dugun bitartean, ezin ditugu begi bistatik galdu sortzen ari diren inpaktuak, klima aldaketak ekar ditzakeen ondorioei aurrea hartu eta haietara egokitzeko irizpideak zehazteko lan egin behar dugu. Dagoeneko asko aurreratu da ildo horretan, Bizkaiko Golkoko eta euskal kostaldeko Klima Aldaketaren Itsas Behatokia bezalako ekimenekin. Naturklima Fundazioaren eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren laguntza du ekimen horrek eta bat dator Klima Aldaketaren 2050erako Euskal Estrategiarekin, eta aukera eman du klima aldaketaren jarraipena egiteko eta iragartzeko sistema integratu bat ezartzeko, bai eta klima aldaketak itsasoan eta itsasertzean, haren biodibertsitatean eta haren baliabideetan izango dituen ondorioak iragartzeko ere. Hori funtsezkoa da izan daitezkeen inpaktuak ebaluatzeko, klima aldaketaren ondorioei aurrea hartzeko eta ezarriko diren egokitzapen irizpideak zehazteko.
Uhinak 2022
Bai 2015ean, kongresuaren lehen edizioa egin zen urtean, bai orain, klima aldaketa leheneratzeko edo arintzeko gaitasuna duten sektoreak eta interes taldeak eztabaida foro baten inguruan biltzea izan da Uhinak kongresuaren helburua.
Horregatik, oraingo edizio honetan ere, ordezkari politikoak, itsasertzeko komunitateetako eta udalerrietako teknikariak, gai horretan eskumena duten administrazioak, zentro teknologikoetako adituak, ikerketa zentroak, kazetariak eta datozen aldaketei aurre egin behar dieten enpresak bilduko dira Ficoban bi egun egitekotsu horietan.
Horiek guztiak berriro elkartuko dira Ficoban, oraingoan aurrez aurre, azaroaren 16an eta 17an, indarrak batzeko, taldean lan egiteko eta dagoeneko mehatxu gisa ikusten hasi garen klima aldaketa geldiarazteko neurriak eta erabakiak hartzeko.
Lau dira kongresuaren helburu estrategikoak. Alde batetik, klima aldaketaren aurrean itsasertza babesteko beharrezko neurriak hartzeko jarduerak eta irtenbideak ezagutzea. Bestalde, esperientziak ezagutzea, jardunbide egokiak ikastea eta itsasertza kudeatzen eta mantentzen laguntzea. Hirugarrenik, klima aldaketaren eta itsasertzaren prozesuari mugaz gaindiko ikuspegitik heltzea, klima aldaketari aurre egiteko beharrezko sinergiak sortzeko. Eta, laugarrenik, enpresek dituzten aukera berriak ezagutzea, horiek gauzatu beharko baitituzte larrialdi klimatikoaren ondorioak arintzeko beharrezko jardunak.
Gai multzoak eta hitzaldiak
Oso betea da kongresuaren bi egunetako programa, 40 hitzaldi eta komunikazio baino gehiagorekin, eta helburua da hainbat ikuspuntutatik heltzea gure itsasertzaren gaur egungo egoerari, datozen urteetan izan dezakeen bilakaerari eta muturreko gertaeren hazkundeari, eta nola aurre egin gure kostaldeetako larrialdi klimatikoaren egoera horri.
Horretarako, lau gai multzoren inguruan egituratu da Uhinak kongresuaren bosgarren edizioaren edukia: gure itsasertza gaur eta 2050ean klima aldaketaren testuinguruan; muturreko gertakariak eta egokitzeko neurriak; klima aldaketa arintzea eta biodibertsitatea berrezartzea; gobernantza, kudeaketa tresnak eta komunikazioa. Bloke guztietan nazioarteko eta nazioko pertsona ezagunek hartuko dute parte, eta kongresuaren webgunean kontsulta daitezke (www.uhinak.com).
Hasierako hitzaldiak
Kongresuaren bi jardunaldiei hasiera emateko hitzaldietarako, parte hartuko duela baieztatu du Francisco Doblas Reyesek, Bartzelona Supercomputing Centerreko Earth Science Department-eko zuzendariak. Klima aldaketari buruzko gobernu arteko taldearen (IPCC) seigarren txosteneko klima aldaketaren alderdi fisikoei buruz hitz egingo du azaroaren 16ko hitzaldian.
Azaroaren 17an, Richard Bellerby Norwegian Institute for Water Research erakundeko kidearen txanda izango da. Ozeanoen azidotzeaz hitz egingo du naturan, arintzean eta egokitzapenean oinarritutako irtenbideei begira.
Hizlari gonbidatuak
Klima aldaketak itsasertzean dituen ondorioei buruzko ikerketa zehatzak egin dituzten adituek eta ikerketaren alorreko izen nabarmenek hartuko dute parte Uhinak kongresuaren edizio honetan.
Azaroaren 16ko jardunaldian gurekin izango dugu Volker Roeber, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko E2S HPC-Waves katedraren arduraduna. Kostatik hurbil dauden olatuen eredu operatiboetarako zenbakizko soluzioak garatzea eta eredu horiek itsasertzeko prozesuak azaltzeko erabiltzea dira haren ikerketen ardatza.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoko Carlos Castillok KOSTAEGOKI proiektua aurkeztuko du. Proiektu horren helburua da informazioa eta tresna garrantzitsuak ematea Klima Aldaketak (KA) eragindako itsas mailaren batez besteko igoerari eta olatuek euskal kostaldean duten eraginari dagokienez, kostaldeko eremuen plangintzan eta kudeaketan erabiltzeko, bai eta egokitzeko neurriak ematea ere, administrazio eskudunei laguntzeko fenomeno global honen erronkei aurre egiten.
Virignie Duvat La Rochelle-CNRS Unibertsitateko itsasertzeko geografia irakasleak hartuko dio lekukoa, eta klima aldaketak kostaldeetan duen eragina handitzean muturreko fenomeno klimatikoek eta fenomeno konposatuek duten garrantzia nabarmenduko du, klimara egokitzeko abian jar daitezkeen estrategiei buruz eztabaidatzeko, azkar hazten ari diren arriskuei aurre egin ahal izateko.
Biltzarraren bigarren jardunaldian, azaroaren 17an, Agustín Sánchez Arcilla izango da, LIM/UPC Itsas Ingeniaritzako Laborategiko zuzendari eta Bartzelonako Bide Ingeniarien Eskolako katedraduna (Kataluniako Universitat Politècnica). Kostaldeko eta portuko egituretan arriskua nola sortzen den eta nola kalkulatzen den azalduko du, eta euskal kostaldean eta Kataluniako kostaldean dauden arrisku baldintzak aurkeztuko ditu, horietako bakoitzean dauden muturreko ekaitzen kopuruaren eta intentsitatearen arabera.
Bestalde, Miguel Ángel Mateok, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean Blanesko Ikasketa Aurreratuen Zentroko Uretako Makrofitoen Ekologia Taldeko zuzendariak, azalduko du atmosferan CO2 kantitatea gupidagabe handitzeak nola areagotu duen karbono hustubide biosferikoak kontserbatzeko eta sustatzeko interesa, joera hori arintzeko laguntza gisa. Horien artean daude Karbono Urdineko Ekosistemei (KUH) lotutako hustubideak: padurak, mangladiak eta itsas belardiak.
Eta Andrés Guerra Sierrak, A Coruñako Portuko Agintaritzako Jasangarritasun Saileko buruak, A Coruña Green Port: deskarbonizazio hub baterantz aurkeztuko du. Honako helburu hauek ditu proiektu horrek: hidrogenoaren eta amoniako berdearen balio katea garatzea eta jarduera industrial petrokimikoan eta logistikoan integratzea, itsasoko energia berriztagarri eolikoen hedapen esperimentala, portuan kokatutako enpresen digitalizazioa eta modernizazioa, bioerregaiak eta energia metatzeko sistemak garatzea, portuaren autohornikuntza eta A Coruñako portuko industria jardueraren deskarbonizazioa.
Komunikazioa, funtsezko faktorea larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan
Edizio honetan, Uhinak kongresuak komunikazioan eta krisi klimatikoaren ondorioen eta erronken sozializazioan jarri nahi izan du arreta, eta gai horretarako gorde du gonbidatutako hizlarietako bat. Gai horri buruz Andrea Castro-Martínezek hitz egingo du, Malagako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakasle eta ikertzaileak. Azalduko du klima aldaketari buruz nola komunikatu modu eraginkorrean eta jardunbide egokietan dibulgatzaileei, enpresei eta komunikabideei begira.
Bere aurkezpenean, klima aldaketari buruz komunikatzeko gaur egun dauden arazo eta oztopo nagusiak azalduko ditu Andrea Castro-Martínezek, eta hainbat irtenbide, tresna eta ideia proposatuko ditu mezuak publikoarengana arrakastaz iristeko.
Uhinari buruz
Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Mugaz Gaindiko Kongresua da, Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatua. Hainbat erakunderen laguntza du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarena, Ihobe sozietate publikoaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarena (Ingurumen Saila), Euskal Hirigune Elkargoarena eta Akitania Berria Eskualdearena.