Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean kanpaina bakarra izango da aurten Euskadin. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu dute. Erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina honek “bakarrik bai dela baietz” oraindik ulertu ez duten gizonei zuzentzen da eta gogorarazten die “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Gizonek beraiek, emakumeekin batera, egiten diete galdera beste gizon batzuei: “Zer ez duzu ulertu nahi? Bakarrik bai da baietz”
Gaur goizeko aurkezpenean izan dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako foru diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatua eta Gorka Urtaran EUDELeko presidentea.
Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egin izana gizarteari mezu bakar bat helarazteko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoaren irudia erakutsiz: «Berdintasunean eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan beharrezkoa da elkarrekin lan egitea, herri bezala, taldean, jarraibide berberekin».
Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina gizonei zuzentzea eta gizonak izatea indarkeriari ezetz esaten diotenak eta beste gizon batzuei zuzentzen direnak gogorarazteko beharrezkoa dela emakumeen erabakia eta hitza errespetatzea: «Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da. Eta, bereziki, gizarte matxista batean sozializatutako gizonena. Maskulinitate modu bat ikasi duten gizonak”. Artolazabalen iritziz, “berdintasun ezaren aurka altxatzen diren eta korporatibismo maskulinoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa da indarkeria geldiarazteko”.
Azkenik, gogorarazi du, Istanbulgo Hitzarmenean (Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmena) ezarritakoari jarraiki, Berdintasunerako Lege berrituak eta Berdintasunerako Herri Itunak printzipio orokorren eta erronken artean jasotzen dutela gizonekin eta mutilekin lan egitea.
Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azken hamarkadetan berdintasunean egindako lana azpimarratu du: «Atzera begiratuz gero, egindako lan guztiak, baita erakundeenak ere, asko eta norabide egokian aurrera egin dugula ikusten dugu, baina etorkizunera begiratuz gero, oraindik ere egiteko dagoen bidea ikusten dugu, beraz, urrats sendoak eta orain arte bezain probetxuzkoak ematen jarraitu behar dugu. Aurrera goaz, orain arte bezain indartsu edo gehiago”.
Emilio Sola, Arabako Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi duenez, emakumeek egindako bide luzearen ondoren, “gizonek aldarrikapen historiko horrekin bat egiteko garaia da”. Adierazi duzunez, “kanpainak guri, gizonoi, eskatu nahi digu emakumeen, beste gizon batzuen eta logika patriarkala auzitan jartzen duten arauz kanpoko beste identitate batzuen aurkako indarkeriazko jarreren aurrean, maskulinotasun eredu bat zalantzan jarri dezagun eta jarrera matxisten konplizitatea hautsi dezagun”.
Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatuak, bestalde, erakundeen ezinbesteko lankidetza azpimarratzeaz gain, adierazi du «emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean ezin garela ikusle hutsak izan, ez gu emakumeok, ez gizonek». «Herritar guztiei dagokigun arazoa da, eta guztion esku dago gaitz sozial honekin behin betiko amaitzea», gaineratu du.
Gorka Urtaranek, euskal udalen ordezkariak, gizon politiko eta herritar gisa, eremu publiko eta pribatutik, gure gizarteari egindako kalte larri hau geldiarazteko inplikatzea funtsezkoa dela defendatu du. Gaineratu duenez, kanpainarekin lerrokatuta, EUDELen azaroaren 25eko adierazpenak espazio partekatuak, fisikoak eta birtualak eraikitzea eskatzen du, pertsonen arteko berdintasunezko eta errespetuzko harremanak nagusi izan daitezen gure udalerrietan”.
Azkenik, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina bateratu bat egitea, eta bereziki garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza. Lankidetza hau etorkizunean indartu egingo dela esan du “indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeei Arreta Hobea Emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren sinadurarekin eta emakume biktimen espedienteak modu integratuan kudeatzeko egiten ari garen lanarekin, azken honek ere, ahalegin handia eskatzen baitu erakundeen arteko koordinazioan”.