Euskadiko Gazteak 2020/2021 lana Gazteen Euskal Behatokiak izenburu horrekin lau urtean behin egiten duen ikerketa soziologikoaren seigarren edizioa da.
Serieari 2000. urtean eman zitzaion hasiera, eta, beraz, bi hamarkada daramatza biztanleriaren sektore bat, gazteria, aztertzen. Izan ere, ezaugarri bereizgarriak dituzte gazteek, eta, horrenbestez, instituzioen berariazko arreta behar dute. Gazteen Euskal Behatokiaren egitekoetako bat gizarteari gazteen egoerari buruzko diagnostiko eguneratu eta jarraitua ematea da, eta horretarako tresna da Euskadiko Gazteak azterketa.
Euskadiko gazteak 2020/2021 ikerketak funtsezko aldaketak izan ditu Covid-19aren pandemiak eraginda, bai metodologian, bai emaitzetan.
Pandemian zehar mugitzeko ezarri ziren mugen ondorioz, normalean etxez etxeko inkestaren bidez eta gai ugariri buruzko galdetegi baten bidez egiten zen ikerketa telefonoz egin behar izan da lehen fase batean, 2020an, eta galdera gutxiago sartu behar izan dira. Gero, bigarren fase bat egin zen 2021ean, online inkesten bidez, aurreko urtean galderetan sartu ez ziren gaiak ikertu ahal izateko.
Horrez gainera, pandemiak eragina izan du gazteek beren bizimoduari buruz duten gogobetetasunean: behera egin du, oraindik nagusiki positiboa den arren. Etorkizunarekiko kezka hirugarrena da gazteen arazo pertsonaletan, eta osasuna, berriz, laugarrena. Aurretik lana eta genero-berdintasuna baino ez daude.
Pandemiaren beste ondorio bat izan da gazte askok familiaren etxera itzuli behar izan dutela, aurrez aurreko eskolak, beste hiri batzuetan egiten ari ziren ikasketa-proiektuak, truke-programak edo nazioarteko kooperaziorako programak eten direlako, telelana hedatu delako edo lanik gabe geratu direlako. Behera egin du emantzipatutako gazteen ehunekoak, eta, horrekin bat, gora egin du familiaren etxean bizi diren eta noizbait beren kontura bizi izan direla baieztatu duten gazteen kopuruak. Halaber, behera egin du epe laburrera emantzipatzeko gogoak.
Aisialdiari ere eragin dio pandemiak. Gazteen lonja edo lokaletako kide diren gazteen ehunekoak nabarmen behera egin du. Izan ere, halako lokalak itxita egon dira denbora luzez, ezarritako neurrien ondorioz. Halaber, gazteak gutxiago joan dira tabernetara, eta gora egin du eskulanak egiten dituzten edo, zaletasun gisa, kozinatzen duten gazteen ehunekoak. Ohitura hori orokortu egin zen etxeko konfinamenduan zehar. Horrez gainera, gora egin du bideojokoen kontsumoak gizon gazteen artean, eta kirola egiteko ohiturak emakume gazteen artean, baina kirola egiteko modua banakako praktikara bideratu da gehienbat taldeko kirolera baino.
Sare sozialen erabilera ere areagotu da, eta lau gaztetik batek egunero erabili ditu taldeko bideodeiak egiteko aukera ematen duten aplikazioak. Izan ere, aplikazio horiek baliatu dituzte lagunekin harremanetan egon ahal izateko.
Interneterako eta sare sozialetarako sarbidea orokortu egin da, eta asko aldatu dira harremanak izateko eta aisialdiaz gozatzeko moduak. Interneterako sarbideak berak parte-hartze sozialerako bide berriak ekarri ditu –ziberaktibismoa, adibidez–, baina arriskuak ere, hala nola ziberjazarpena.
Euskadiko Gazteriaren edizio honek, beraz, pandemiak bizitzaren arlo askotan, batez ere aisian eta gizarte-harremanetan, bizitzaren etapa honetan hain garrantzitsuak direnak, ezarri zituen murrizketez tindatutako euskal gazteen argazkia eskaintzen du, baina baita ikasketetan eta lanean ere.