Boluntariotzaren Aholku Batzordeak taldeek 2022an egin duten lana baloratu du

Euskadiko Babes Zibileko Boluntariotzaren Aholku Batzordeak bilera egin du Bilbon Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela. Bileran izan dira Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia ere. Sailburuordeak joan den martxoaren 12an egin zen Euskadiko Udal-mailako Babes Zibileko Talde eta Elkarteen Arduradunen II. Topaketaren balorazio positiboa egin du, eta adierazi du ekimena berriz egingo dela aurrerago eta Euskadiko boluntarioek larrialdien eta babes zibilaren esparruan euren proiektuak eta proposamenak aurkezteko aukera izango dela. Bestalde, organo honek Euskadin, batez ere Bizkaian, izan diren basoko suteetan euskal boluntarioek egin duten lana ere aitortu du.

Bileran talde eta elkarteei banatutako segurtasuneko ekipamenduaren eta ekipamendu teknikoaren berri eman dute. Horrela, 2022an Eusko Jaurlaritzak larrialdi-egoeretarako segurtasuneko 50 kasko banatu dizkio kolektibo honi. Funtzio anitzeko kasko horiek eranskailu islatzaileez, lanpara-euskarriaz eta betaurrekoez hornituak daude eta eremu irekietako suteetan eta hiri-eremuko, landa-eremuko eta mendiko erreskateetan erabiltzeko modukoak dira. Horrez gainera, taldeek 112 anagrama duten haurrentzako 12.200 identifikazio-eskumuturreko jaso zituzten, oso baliagarriak direnak elkarretaratzeetarako eta ekitaldi handietarako.

Bileran Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak kolektibo honi eskaintzen dizkion egungo formakuntza-prestazioak ere aztertu dituzte.

Azkenik, Batzordeak batez ere gai ekonomikoei eta materialei lotutako hainbat hobekuntza-proposamen jaso ditu elkarteetatik, eta guztiak aztertzeko geratu dira.

BABES ZIBILEKO BOLUNTARIOAK EUSKADIN

Euskadiko Babes Zibileko Boluntariotzaren Aholku Batzordea Euskadiko Babes Zibileko Batzordeari atxikitako lan-organo bat da. Bertan Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, Estatuak EAEn duen administrazioak eta Eudel – Euskadiko Udalen Elkarteak parte hartzen dute.

Boluntarioen elkarteak ezinbestekoak dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman, herritarrek babes zibileko lanetan parte-hartzea bideratzen baitute. Haien laguntza desinteresatuari, konpromisoari eta kualifikazio altuari esker, gure Erkidegoak segurtasun-maila handiagoa du.

Gaur egun 400 baino gehiago dira hiru lurralde historikoetako tokian tokiko talde eta elkarteetan dauden Euskadiko boluntarioak, eta horiei Gurutze Gorriari, DYAri, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeari, Euskal Espeleologoen Elkargoari eta VOST Euskadi Larrialdietarako Boluntario Digitalen Taldeari atxikitako boluntario multzo handi bat batu behar zaie.