Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak, Nicolas Schmit Enplegu eta Gizarte Gaietako komisario europarrarekin batera, Lanbide Heziketako Bikaintasunari buruzko Nazioarteko Foroa ireki du gaur goizean Donostian. Europako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin antolatu duten foro hau gaur eta bihar egingo da Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Parte hartzaile izango dira bertan 88 herrialdetako ordezkariak, tartean Europako Batasuneko Estatu guztietako kideak direla. 735 parte-hartzaile daude izena emanda foroan. Horietatik 285 Donostian bertan izango dira, eta 450ek online jarraituko dituzte saioak.
Foro hau Donostian burutzeko aukera joan den ekainaren amaieran sortu zen, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Schmit komisarioarekin Bruselan izandako bileran. Orduko hartan definitu ziren nazioarteko foroa eta honen helburu nagusia: CoVE ekimenari zabalkundea ematea. Izan ere, ekimen horretan Euskadi Europako Batzordearekin lankidetza estuan ari da lanean, eta Europar Batasuneko erakundeentzat erreferente da Lanbide Heziketako arloan.
Nazioarteko foroak Lanbide Heziketaren bikaintasuna izango du ardatz. Bi egunez (azaroaren 15 eta 16an), Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroei buruzko Europako CoVE ekimenean (Centres of Vocational Excellence) egin diren azken aurrerapenak aztertuko dira Tabakaleran, Europarentzat garrantzi estrategiko handia duen ekimena. Euskadik hartzen duen foroaren helburu nagusia ekimen hori zabaltzea eta ezagutaraztea da, bertara batzen diren zentro eta erakundeen kopurua handitzeko. Horretarako, abian diren CoVE proiektuen adibideak partekatuko dira Donostian, besteak beste, bikaintasuneko euskal zentroen esperientziak, beste herrialde eta Lanbide Heziketako zentroentzat adibide inspiratzaile izan daitezen. Era berean, bikaintasun profesionalaren oinarrizko elementuei buruzko eztabaida tematikoak ere egingo dira.
Iñigo Urkullu Lehendakariak forora igorririko bideo-mezuaren bidez hartu du parte irekiera instituzionalean. Horren bidez, ongietorria eman die “sarean lan egitea eta Lanbide Heziketaren bikaintasuna sendotuko” duen forora etorri diren guztiei. Indartu beharreko bi alderdi nabarmendu ditu bere hitzaldian – “ezagutza eta portaera” – ongizatea, aurrerapena eta giza garapen iraunkorra bermatzeko. “Lanbide Heziketa ezagutza da, etorkizun teknologiko eta adimentsu baterantz goazelako. Eta jokabidea da, aberastasuna sortzea bultzatzen dugulako eta atzean gera daitezkeenei erreparatzen diegulako”, adierazi du. Foro honen ardatz den bikaintasun-zentroen CoVE ekimen europarrari dagokionez, Urkulluk ziurtatu du ekimen horrek “Lanbide Heziketa eta Europako produkzio-sarearen lehiakortasuna indartuko” dituela.
Etorkizunari begira lan egitea
Irekiera instituzionalaren ondoren, Bildarratz sailburuak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak elkarrekin eskaini dute foroko lehen hitzaldia, “Bikaintasuneko Lanbide Heziketaren euskal eredua ordena berri batean» izenburupean. Bertan, Klaus Schwab Munduko Ekonomia Foroko presidente exekutiboaren hitzak izan ditu hizpide Bildarratzek: “Laugarren Industria Iraultzak ez du egiten duguna aldatuko, garena aldatuko du”.
Digitalizazioa, robotika, sistema adimendunak edo adimen kognitiboa nonahi izango diren etorkizun hurbila deskribatu du Bildarratzek, eta gehitu du horiek “milioika lanpostu eraldatuko dituzte eta milioika lanpostu berri gehiago sortuko dira. Erronka da herritarrak prestatuta izatea aldaketa eta eraldaketa horiek onartzeko, modu eraginkorrean egokitu ahal izan daitezen eraldatuko diren eta sortuko diren lanpostuetara”.
“Beraz, oraina ulertzeko beste modu bat dagokigu, etorkizuna bizitzeko. Europako produkzio-sarea eraldatu behar dugu, enpleguaren testuingurua berrantolatu, eta prestakuntza-sistemak garatu eta egokitu. Izan ere, hamar urte baino gutxiagoan, Europako lanpostuen %65ek Lanbide Heziketako tituludunak eskatuko ditu, baina gaur egungoak ez bezalako prestakuntza, ezagutza eta gaitasunak dituztenak. Horrek Lanbide Heziketan lan egitera behartzen gaitu, etorkizunari begira, eta ez iraganari begira”.
Testuinguru horretan, Bildarratzek “giza dimentsioan oinarritutako aro baterantz aurrera” egitearen aldeko apustua egin du, “pertsonak lehenetsiz eta giza garapen iraunkorra bultzatuz”. Horretarako, sailburuaren hitzetan, beharrezkoa da balioa era partekatuan sortuko duen lankidetza-estrategia bat indartzea, elkarlan-prozesuetan oinarrituko dena. “Badakigu elkarlaneko sareak funtsezko oinarriak direla etorkizunari erantzuteko. Azken batean, estrategia disruptibo berriak eskatzen dituen erronka handia da”.
CoVE: Lanbide Heziketako bikaintasun-zentroen ekimena
CoVE ekimenean parte hartzen duten Bikaintasun Profesionaleko ikastetxeek hainbat herrialdetako bikaintasuneko beste ikastetxe batzuek parte hartzen duten plataformak gidatzen dituzte, lankidetza-sareak osatuz. Lanbide Heziketa berritzaile eta bikaintasunezkoa bultzatu nahi da, Europaren garapenerako funtsezkoak diren sektoreetan hainbat lankidetza-sare ezarriz, era horretan elkarrekin sendoago izateko. Helburua bikaintasuneko Lanbide Heziketako Europako ikastetxeen artean ezagutza transmititzea da, hainbat lankidetza-sare ehunduz eta Europarentzat lehentasuna duten hainbat sektoreri arreta emanez.
Plataforma horiek, era berean, konpetentzia-ekosistemak garatzeko interesa ere partekatzen dute elkarrekin, eta ikasleei egungo produkzio-sareak eskatzen dituen gaitasun profesionalak eta goi-mailako kualifikazioa ematen dizkiete, etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izan daitezen. Ildo horretan, estrategia jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia da Europako Lanbide Heziketarentzat, pertsonen prestakuntzan aurrera egiten jarraitzeko. Horrela, bikaintasun-zentroek beren inguruneko garapenean laguntzen dute, eta nabarmen indartzen dute Europako produkzio-sarearen lehiakortasuna.
EBren helburua: 100 bikaintasun-zentro 2027rako
Europako Batzordearen helburua da bikaintasuneko ehun zentro sortzea 2027rako. Horretarako, 400 milioi bideratu ditu 2021-2027 aldirako, Erasmus programaren barruan. Gaur egun, 25 CoVE proiektu edo plataforma daude abian EBn. Euskadiko Lanbide Heziketako bi zentrok hartzen dute parte horietan: Bergarako Miguel Altuna LHII, eta Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa dira. Tknikak Europako EXAM 4.0 eta LCAMP 4.0 bikaintasun plataformak lideratzen ditu, 4.0 Fabrikazio Aurreratuko arloan.
Lanbide Heziketako euskal ikastetxeek dagoeneko esperientzia handia dute sarean eta lankidetzan aritzen. Eta horixe da, hain zuzen ere, CoVE ekimen europarrak bultzatzen duen ezaugarri nagusia. Lanbide Heziketaren EAEko eredua, batez ere, 70 ikastetxetan oinarritzen da. Ikastetxe horiek, etekin handiko prestakuntza, berrikuntza estrategikoa edota adimen aplikatua lantzen dituzte, hainbat lankidetza-saretan eta modu integratuan.
Enplegagarritasunaren eta lehiakortasunaren Europako estrategia
Europako Batzordeak ongi definitutako estrategia bat jarri zuen abian 2018an Europako gizarteak etorkizun hurbilean beharko dituen profesionalen prestakuntza indartzeko, era horretara, aldi berean, horien enplegagarritasuna sendotzeko eta Europako enpresen lehiakortasuna sustatzeko. Estrategia horretako ekintzarik adierazgarrienetako bat Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen ekimena da (CoVE ekimena).
Europako Batzordearentzat berebiziko garrantzia du ekimen hau ezagutzera emateak eta Europako Batzordeko herrialde ezberdinetako Lanbide Heziketako ahalik eta zentro gehien animatzeak lan kolaboratiborako eredu hori bultzatu eta sendotzera. Formula honek bikaintasun-maila gorenean kokatuko baititu, ekoizpen-sektore ezberdinei erantzungo dieten plataformetan elkarlanean arituz.