Txosten honetan, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteek 2022an duten egoerari buruzko diagnostikoa egiten du. Txostena egiteko, erreferentzia gisa hartu dira Behatokiak berak bere webguneko gazteriaren inguruko adierazle-sisteman eguneratuak dituen datuak.
Dokumentu honen helburu nagusia da Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen kolektiboari buruzko jakintzan sakontzea, eremu hauei dagokienez: testuinguru demografikoa, hezkuntza eta prestakuntza, enplegua eta ekonomia-egoera, emantzipazioa eta etxebizitza, osasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, balioak eta jarrerak, eta egoeraren balorazioa.
Diagnostiko honetan, zenbait iturritan jasotako informazioa erabili da; batetik, Gazteen Euskal Behatokiak berak egindako ikerketak (Euskadiko gazteak seriea, Emantzipazioa seriea, Aurrera begira eta abar). Funtsezko beste iturri estatistiko bat Gazteen Euskal Behatokiak bi urtean behin egiten duen Gazteen Panoramika izeneko ikerlana izan da. Lan horretan, 104 adierazle aztertzen dira gaur egun, eta neurri handian erabili dira diagnostiko hau egiteko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren beste esparru batzuetako ikerketak ere erabili dira: EUSTAT; Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Osasun Saila, Hezkuntza Saila, eta abar.
Diagnostiko honetan jasotako informazioa zabaldu egin daiteke Gazteen Euskal Behatokiaren webgunera joz. Webgune horretan, online adierazle-sistema bat dago, bai eta Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketa guztien serie osoak ere, Gazteen Panoramikari buruzko informazio osoa, besteak beste.