Hodeia Digital enpresa bilbotarrak bere fakturazioan % 120ko hazkundearekin eta 33 pertsonako plantillarekin itxi zuen 2021 urtea, urte hasieran baino ia hiru aldiz gehiago. Bere BuildApp soluzioa, prozesuak digitalizatzeko software bat, lau multinazionalen 150 lantegitan dago gaur egun, 35 herrialdetan banatuta, horien artean, Uniliver britainiarrean, bere baitan 400 marka baino gehiago biltzen dituen enpresa, edo Alemaniako Beiersdorf-en.
BuildAppen historia kasu berezia da sortzaileen arabera, hala azaltzen du Jon Ander Fidalgok, Hodeia Digitaleko salmenten garapenaren ordezkariak: “Softwarearen garapenarekin hasi ginen 2016an Leioako fabrikan, eta bezeroa lehenengo minututik sartu genuen tartean. Horri esker, hark jakinarazten zizkigun beharrizanetan oinarrituta eraiki genuen gure aplikazioa. Emaitza onak lortu genituen, eta 2019an Uniliverrek gure soluzioa hedatzea eta Thayngen (Suitza) eta Poznan (Polonia) lantegietan ezartzea erabaki zuen. Emaitzak ikusi ondoren, konpainiak BuildAppen aldeko apustua egin zuen digitalizazio-estrategiaren bizkarrezur gisa”.
Prozesuak digitalizatzeko softwareen eskaintza gero eta zabalagoa den merkatu batean, BuilApp beste irtenbide batzuetatik bereizten da, Fidalgoren arabera, hiru arrazoirengatik: “Lehenengoa duen izaera holistikoa da, fabrikako arlo guztiak betetzeko gai baita; bigarrena, pertsonak zentroan jartzen dituela da eta komunikazioa demokratizatzen duela, pertsona bakoitzak bere erabiltzailea baitu; eta hirugarrena eta azkena, inplementatzeko arintasuna da, web-app diseinua denez, egun gutxi barru bertsio operatibo bat izan baitaiteke, instalaziorik eta aholkularitza-zerbitzurik behar izan gabe”, zehaztu du.
Hain zuzen ere, azken faktore hori kritikoenetakoa da Hodeia Digitalen arabera, eta hala azaltzen du Fidalgok: “Ezarpenaren kostua da software bat txertatzeko orduan dagoen arbuiorik handienetako bat. Ikusten dugu nazioan eta nazioartean, digitalizatu nahi duten enpresen merkatu izugarria dagoela, baina era guztietako zailtasunak dituzte hori posible egiteko. Guk alternatiba erraza, arina eta ulergarria eskaini nahi diegu”.
ETEak digitalizatzea
Hodeia Digitalek bere eskaintza osatzeko urratsak ematen jarraitzen du, eta premisa horrekin jaio da Mairu, “BuildAppen anaia txikia, enpresa txiki eta ertainei balio bera eta eraginkortasun handiagoa eskaintzea” bilatzen duena, “baina modu errazagoan”, Fidalgok dioenez.
2023ko urtarrilaren 1ean merkaturatzea aurreikusi da, eta Hodeia Digitalek formula errepikatuko du, Mairu bezeroarekin etengabe hitz eginez eta haren beharrei erantzunez eraikitzeko. “BuildApp multinazionalen eta korporazio handien artean sektore berrietara zabaltzen jarraitu nahi dugu, eta Mairurekin ETEen artean eragin handia sortzea espero dugu. Modu esponentzialean hazi ahal eta behar dugun unean gaude, eta azken urte honetan gure plantilla ia hirukoiztu badugu ere, hazkunde hori gainditzea espero dugu”, amaitzeko.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.