Adimediak produktu digital berritzaileak garatzen ditu enpresa eta erakunde publikoentzat

Adimedia komunikazio interaktiboan espezializatutako enpresa da, Irunen (Gipuzkoa) du egoitza, eta enpresei eta erakundeei laguntzen die Interneten presentzia-estrategiak garatzen eta produktu eta zerbitzu digitalak sortzen. Nabarmentzekoa da datorren urtean 25 urteko ibilbidea ospatzen duela, eta horrek Euskadiko sektore horretako enpresa beteranoetako bat dela aitortzen du. “Gure jardueraren hasieratik argi geneukan sormena eta teknologia uztartu behar genituela. Gure funtsezko lana da enpresei laguntza ematea irismen ertain eta luzeko estrategien bilakaeran”, Alexis Mindegia CEO eta Adimediaren sortzaileak adierazi duenez. 

Konpainiak bi negozio-arlo handitan egiten du lan. Alde batetik, plataforma digitalak, web-orriak, estranetak eta intranetak, e-commerce plataformak, online marketina eta abar garatzen ditu erakunde publiko eta enpresentzat. Bestalde, Adimediak aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen ditu. “Arlo honetan, erakundeei beren aplikazio, produktu eta zerbitzu digitalak definitzen laguntzen diegu, haien erabilgarritasunaren ikuspegitik. Teknika ezberdinen bidez definitzen eta diseinatzen dugu erabiltzailearentzako esperientzia egokiena, marka eta erakundeentzako emaitzak bermatzen dituena”, azaldu du Alexis Mindegiak. 

Bezeroei dagokienez, Orkli, Tecnipesa, CAF Taldea, Orona edo DHL bezalako enpresa pribatuak ditu konpainiak, eta baita hainbat elkarte, adibidez IZFE, Orkestra, Donostia Kultura, Donostia Turismo, Gipuzkoako Foru Aldundia edo hainbat udal ere. Azken aldian Adimediak egin duen proiekturik nabarmenetako bat Donostia Kulturaren webgune berria da. Bertan, konpainiak plataforma digitalaren diseinu eta funtzionalitateen planteamendu berria egin du. 

Beste kasu arrakastatsu batzuk Orkestra elkartearentzat egin dituen lanak dira, Lehiakortasunerako Euskal Institutua. Deustuko Unibertsitatearen ekimen horretarako, webgune bat eta Eskualde Lehiakortasunaren Behatokia izeneko plataforma digital bat garatu dira, Europako eskualde-mailako lehiakortasunerako funtsezko adierazleen egoera eta bilakaera datu eguneratuekin analizatzen dituena. 

Gainera, duela gutxi Irungo konpainiak SPRI Taldearen Hazinnova akreditazioa jaso du. “Urte asko daramatzagu SPRIrekin elkarlanean, hainbat modutan. Enpresa gisa hobetzeko eta hainbat esparrutan eboluzionatzeko aukera eman digute, bai kudeaketan, bai gizartean, bai produktuetan eta teknologietan”, Adimediako CEOak nabarmentzen duenez. Enpresak 23 profesional ditu gaur egun, eta bere hurrengo erronka plantilla handitzea eta gero eta esparru gehiagotan lan egiten jarraitzea da. 

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.