Osalanek “nola kudeatu arrisku psikosozialak zure enpresan ” gida aurkeztu du
Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérezek Osalanen Laneko Psikosoziologiari buruzko XII. Jardunaldiak inauguratu ditu gaur goizean Euskalduna Jauregian. Jardunaldien goiburua da “Arrisku psikosozialen ebaluazioa: galdetegi bat baino gehixeago”, helburu hartuta ebaluazio-tresna kualitatiboen garrantzia nabarmentzea.
Ideia horren arrazoia da, kasu gehienetan, informazioa biltzeko metodo bakar gisa tresna kuantitatiboak erabiltzea ez dela nahikoa diagnostiko zehatzak egiteko, are gutxiago diagnostiko horiek testuinguruan kokatzen ez direnean.
Hala ere, tresna kualitatiboak oso egokiak izan daitezke teknika kuantitatiboen bidez lortutako informazioa osatzeko eta arriskuarekiko esposizioaren kausetan eta jatorrian sakontzeko, bai eta emaitzak eta ondoren planifikatu eta gauzatu daitezkeen ekintzak interpretatzen laguntzeko ere. Era berean, egokiak izan daitezke mikroETE enpresentzat, langile gutxi izanda, ezin izaten delako anonimotasuna gorde eskura dauden tresna kuantitatiboekin.
Esparru horretan, Osalanek «Nola kudeatu arrisku psikosozialak zure enpresan» izeneko gida berria aurkeztu du. Lourdes Íscar zuzendari nagusiak esan duen bezala, gida horren helburua da arrisku psikosozialen kudeaketa, beste prebentzio-eremu batzuetakoa bezala, enpresaren kudeaketa-sistema orokorraren parte izan dadin laguntzea, laneko arriskuen prebentziorako plan bat ezarriz eta aplikatuz.
“Gaur egun, OSALANeko psikosoziologia-taldeak egindako proiektuen emaitzek adierazten dutenez, antolamendu-baldintzak hobetzeko lanean ari diren enpresen kopuruak gora egin badu ere, arrisku psikosozialen kudeaketa da, oraindik ere, prebentziorako zailtasun handiena duen arloetako bat”, adierazi du Íscarrek.
Horregatik, OSALANek, gida honen bidez, arrisku psikosozialen prebentzioan esku hartzen duten eragile guztiei laguntza eman nahi die arrisku horiek beren erakundeetan kudeatu ahal izateko, arrisku horiei aurre egiteko funtsezko irizpideak emanez eta lotutako jarduera teknikoak beren gain hartzen dituzten profesionalei laguntza emanez.