XXV. Auditoria Kongresu Nazionalaren amaierako ekitaldian, Azpiazuk nabarmendu du enpresa edo erakunde baten irudi fidela ez dela finantza-informaziora mugatu behar, baizik eta gizarte-, ingurumen- eta gobernantza-arloko arrisku eta aukeren islara. Horri guztiari esker, enpresaren benetako egoera eta etorkizunerako aukerak ezagutu ahal izango dira.
Bere ustez, iraunkortasunak gero eta garrantzi handiagoa du enpresen etorkizunerako, ez soilik alderdi finantzarioari dagokionez, baita ingurumenaren, gizartearen eta gobernu onaren aldeko konpromisoari dagokionez ere, azpimarratu du asteazkenetik Euskalduna Jauregian egin den Kongresu honen itxieran.
Azpimarratu duenez, inbertitzaileek eta bezeroek gero eta gehiago baloratzen dituzte langileen lan-baldintzekin, genero-berdintasunarekin, soldata-arrakala ezabatzearekin eta giza eskubideak errespetatzearekin lotutako enpresa-politikak.
Era berean, aukera hau baliatu du zuek auditore gisa duzuen paper sozial garrantzitsua nabarmentzeko. Sektore pribatuko kontuei eta, neurri handi batean, sektore publikokoei bermea eta sinesgarritasuna ematen dietenak dira, eta, horrekin, gure merkatu-ekonomia sozialaren funtzionamendua ahalbidetzen dute.
Azpiazu sailburuaren hitzaldia izan da, eta perla bat berreskuratu du historia-liburuetatik. Gogora ekarri du Espainiako Estatuan duela ia mende bat hasi zela auditoretza egiten, hain zuzen ere, Bilbon: 1880an sortutako Institute of Chartered Accountants erakundeak Ingalaterran ezarritako arauetan oinarrituta, Bilboko Zinpeko Kontulariek beren elkargoaren estatutuak idatzi zituzten, eta 1927ko urtarrilaren 12an onartu.