Edizio honen inaugurazioa astelehenean, hilak 21, 12:00etan, izango dira, eta bertan izango dira:
. Dean Lewis, Bordeleko Unibertsitateko presidentea
. Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea
. Gérard Blanchard, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Mailako Hezkuntzaren eta Ikerketaren arloko lehendakariordea.
. Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
. Jesús Valero, Tecnalia-ko zuzendaria
. Ricardo Diez, DIPCeko zuzendaria
Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2011n sortu zen, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko bikaintasun programetan oinarrituta, eta DIPC eta Tecnaliaren laguntzarekin. Haren helburuak dira: ikasleei, irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakaskuntza, ikaskuntza eta gaikuntzarako ingurune berdingabe bat ematea; lankidetza ikerketako espazio puntako bat ezartzea Europan; eta enpresekin, gizarteko erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin, ezagutza eta berrikuntzaren aldeko lurralde ekosistemak sustatzea.
2022ko Euskampus Bordeaux Egun honek bertaratutako guztien (200 pertsona baino gehiago, haietariko 50 graduko, masterreko edo doktoregoko ikasleak izanik) arteko interakzioa eta parte-hartze aktiboa sustatuko ditu, gizarte kohesio kulturanitza, eleaniztuna eta diziplina anitzekoa (horiek dira mugaz gaindiko campusaren oinarrizko osagaiak) bultzatzen duen esparru honetan.
Topaketaren mugarrien artean hau aipa daiteke: ‘Nola bistaratuko dugu mugaz gaindiko Campusa 2030ean?” parte hartzeko lantegia’. Tailer horretan, Euskampus Bordeaux komunitateak (ikertzaileak, ikasleak, administrazioko langileak), Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko, Eusko Jaurlaritzako, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko, Bordeleko Udaleko, Euskal Hirigune Elkargoko eta beste eragile sozioekonomiko batzuetako ordezkariek, beren ekarpenekin, 2030erako mugaz gaindiko campusaren ikuspegi partekatua sortzen lagunduko dute. Ikuspegi horrek gidatuko du 2023ko ekainean berritu beharreko Euskampus Bordeaux aliantzaren etorkizuneko esparru akordioaren diseinua.
Halaber, Mugaz Gaindiko Lankidetzarako 5 Laborategi (LTC) aktiboen lorpenak aurkeztuko dira, eta iragarriko da hautatutako LTC berria. LTCak dira Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren ekimen inportanteenetako bat. LTC horietan Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa-taldeak elkarrekin ari dira lanean, eta, horri esker, benetako mugaz gaindiko ikerketa-komunitateak sortu dira. Arrakasta horri esker sortu da LTC Sarea, Eusko Jaurlaritzak LTCak garatzeko finantzatutako programa.
Programa osoa hemen kontsultatu ahal da: https://euskampus.eus/eu/programak/ceur/urteroko-topaketak/2022ko-euskampus-bordeaux-eguna?set_language=eu