Gaur goizean Sestaoko Musika Eskolan gazteen arteko indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programaren 13. Edizioa aurkeztu da. Bertan parte hartu dute Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak; Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendariak; Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak; Eigoibarko alkate eta EUDELeko Batzorde Exekutiboaren ordezkaria den Ane Beitiak; eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak. Aurten, Sestaok hartuko du Beldur Barik Topaketa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, antolatutako programaren barruan.
Ikus-entzunezko lehiaketa da programaren jarduera nagusia eta ezagunena. Lehiaketa horretan, gazteek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi behar dute. Beatriz Artolazabal sailburuak jakitera eman duenez, aurten 300 ikus-entzunezko lan baino gehiago aurkeztu dira, gehienak taldean egindakoak. Beraz, parte hartu duten gazteen kopurua askoz ere handiagoa da. Eta, hain zuzen ere, lanak taldean egitearen garrantzia nabarmendu du, “sorkuntza-prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita”.
Artolazabalen hitzetan, “joan den astean Gazteriaren Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, emakume gazte gehienak beldurrez itzultzen dira etxera, eta, honek erakusten du neska-mutil gazteei zuzendutako programak ezinbestekoak direla oraindik”.
Gazteenak, 12 eta 14 urte bitartekoak, izan dira lan gehien aurkeztu dituztenak, ia erdiak (% 44) eta film laburretan landu dituzten gaien artean sexismoa, diskriminazioa eta estereotipo sexistak daude. 15 eta 17 urte bitartekoen kategorian (lanen % 36) estereotipoak eta kaleko jazarpena ere izan dituzte hizpide. Eta 18 eta 20 urte bitarteko gazteek aurkeztutako lanetan (lanen % 15), gai horiez gain, bikote-harremanak eta berdintasuna ere jorratu dituzte. Lurraldeka, lan gehienak Bizkaitik iritsi dira (% 59), gero Gipuzkoatik (ia % 32) eta azkenik Arabatik ( % 9). Lanetan ikus daitekeenez, gazteek gero eta argiago identifikatzen dituzte indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun-faktoreak.
Ikastetxeetatik gehienak
Bestalde, Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, azpimarratu du lan gehienak (% 89,7) ikastetxeetatik datozela, eta horrek erakusten duela hezkuntzaren eremuan berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari lotutako materialen eskaria dagoela. Esan duenez, “hori kontuan hartu beharko dugu, baita mutilekin lan egiteko eskari espezifiko bat dagoela ere; izan ere, oro har, programaren ebaluazioan egiaztatu dugun bezala, interes eta ezagutza gutxiago dute mutilek gaiaren inguruan”. Elgarrestaren hitzetan, “garrantzitsua da mutilak berdintasunaren alde inplikatzea, gizonak inplikatzea beharrezkoa den bezala, eta hori ere egiten ari gara erakunde guztiok batera azaroaren 25ean bultzatu dugun kanpainaren bidez”.
Sestaoko alkateak, Ainhoa Basabek, nabarmendu du programan parte hartzea Sestaoko Udalak hezkidetzako udal-programa bat sustatzeko egin nahi duen apustuaren barruan dagoela, hori baita Berdintasun arloaren lan-ardatz nagusietako bat. Bere hitzetan, “berdintasunezko hezkuntza funtsezkoa da gizarte justuago eta indarkeriarik gabeko bat eraikitzeko orduan, eta udalok horretan lagundu dezakegu eta lagundu behar dugu”.
Bestalde, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendariak adierazi duenez, «agerikoa da erakundeen artean kezka dagoela gazteen arteko indarkeria matxista dela-eta, eta kezka horretatik, badirudi gazterian bertan jartzen dugula arazoaren muina. Ordea, Beldur Barik ekimenak ahotsa ematen die gure neska-mutilei, eta indarkeria matxistaren aurrean erantzuna badutela erakusten digu, gizarteari helarazteko berdintasunezko ereduak proposatzen dizkigutelako”. “Entzun egin behar diegu «, gaineratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendariak, Nerea Isasik, gaztetxo eta gazteen artean “berdintasunaren balioak” jorratzeko “lanabes eraginkorrak” edukitzeko premiaz hitz egin du eta, ahalegin horretan, Beldur Barik egitasmoaren ekarpena eta ibilbidea txalotu ditu. “Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eta, oro har, gizartea izan nahi dugu eta, horretarako, ezinbestekoa dugu belaunaldi gazteenetan eragin eta sentsibilizazioan, prebentzioan eta ahalduntzean eragiten jarraitzea”, gehitu du.
Ainhoa Campo Arabako Berdintasuneko zuzendariak bidalitako mezu batean, adierazi du Beldur Barik programan parte hartzea berdintasunaren aldeko balioak bereganatzeko prozesu bat dela, “bai eta mikromatxismoak lanen bidez adierazten dituzten gazteen kasuan ere, hauek eguneroko bizitzan euren askatasuna estutzen edo baldintzatzen baitiete”. “Zalantzarik gabe, ekimen honek datozen belaunaldiak berdinzaleagoak izaten laguntzen du”, esan du.
Ane Beitiak, EUDELen ordezkariak, azpimarratu duenez, “indarkeria matxistaren aurkako borroka EUDELen lehentasunezko erronka da; Berdinsarean urte asko daramatzagu lanean berdintasunaren alde, Euskadiko herri eta hirietan”. Adierazi duenez, “udalok funtsezko zeregina dugu emakumeentzako eta neskentzako espazio publiko libreak bermatzeko. Toki-eremuan elkarlanean jarraituko dugu, eragile guztiekin “komunitatea” eratzeko; eta, gazteei zuzendutako politiken eta programen bidez, hala nola Beldur Barik, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko sarea ehuntzeko”.
Topaketa
Abenduaren 2an Sestaon egingo den Topaketa zortzi tailerrekin hasiko da, arratsaldeko seietan. Tailer horietan autodefentsa feminista, dantzaren bidezko ahalduntzea, neskak eta bideo-jokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak landuko dira, besteak beste.
Ondoren egingo den elkarretaratze baten ondoren, Musika Eskolan sari banaketa egingo da eta bertan Izaro abeslariak zuzenean hiru abesti abestuko ditu. Hain zuzen ere, Izarok eta Kai Nakaik, aurreko edizioari ahotsa eta musika jarri zion abeslariak, mezu bat zabaldu dute sare sozialen bidez, gazteak berdintasunaren aldeko urteroko hitzordu honetan parte hartzera animatzeko.