Amaitu da LIFE Oreka Mendian mugaz gaindiko proiektua, % 60an Europako LIFE ingurumen-programark finantzatua, artzaintza tradizionalaren bidez mendiko larreak kontserbatzeko oinarriak ezarri ondoren

Egin da Arantzazun (Oñati) LIFE OREKA MENDIANen azken mintegia, Europar Batasunak kofinantzatutako proiektu hau duela sei urte hasi zen eta hainbat erakunde, elkarte eta partikularrek hartu dute parte helburuak lor daitezen. Eusko Jaurlaritza izan da buru HAZIren bidez eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien eta Ihobe eta Neiker sozietate publikoen parte hartzea izan du. Erakunde horiez gain Euromontana elkartea eta Iparraldeko Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Conservatoire d’Espaces Naturels de Nouvelle Áquitaine erakundeek ere hartu dute parte, bai eta abeltzainek ere, beraien esperientziak eta ikuspegi profesionala eskaini dituztenak. Pertsona kopuru handia helburu handi bat lortzeko: Natura 2000 eremuetako (8 Iparralden eta 15 Euskadin) mendiko larreak kudeatzeko baterako estrategia bat garatzea, kontserbatzeko interesen eta eremu horietako behar sozioekonomikoen arteko oreka bilatzeko.

Proiektu honen oinarrizko arazoa Europa mailan mendiko larreak mehatxatuta egotea zen, batez ere larratzeko aprobetxatzeari utzi zaiolako. Erabilera-gabezia horren ondorioz, Euskadin abeltzaintza estentsiboan erabili izan diren habitat erdi-naturalak eremu batzuetan kontserbazio-egoera txarrean daude: sastrakadia hazi da, espezie inbaditzaileak sartu dira, sute-arriskua hazi da…

Argi dago zerikusia dugun pertsona guztiok eremu horiek kontserbatzeko estrategia bat garatu behar dugula, naturak eta giza erabilerek bat egin baitute inguru bereziak sortzeko. Ingurumen-beharra da, paisaia-arloko beharra eta kudeaketa ona ere behar da, abeltzainek kontserbazio bereziko eremu horien probetxurik hoberena eta jasangarriena lor dezaten. Eta proiektu honi esker, hobekuntza globalerako interesak batu dira”, esan du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak azken mintegiaren inaugurazioan.

Hori dela eta, aldi honetan larre-habitatetako 1.670 hektarearen kontserbazio-egoera hobetu da eta norabide horretan lanean jarraitzeko oinarriak finkatu dira. Hasteko, SIGPASTOS datu-base kartografikoa diseinatu zen eta Larre Habitatak Kontserbatzeko Plana egin zen Euskadiko KBE bakoitzerako; eremu horien egungo egoera aztertu da eta abeltzaintzako profesionalen bazka-eskaera ere bai. Ondorioz, gainesposizioagatik eta gehiegi erabiltzegatik narriatzeko arriskuan dauden eremuak eta larratze gutxiegi izan eta sastraka tokia hartzen ari denak bereizi ziren.

Jabeek eta abeltzainek hasieratik parte hartu dute, informazio-saioak egin dira, bai eta inkestak eta lantegiak ere, datuak biltzeko eta sektoreko beharrak eztabaidatzeko. Era berean, nekazaritzako administrazioko (mendiak, ingurumena, abeltzaintza, laguntzak, zaintza…) maila desberdinen lankidetza eta koordinazioa nahi zen. Saio horietako emaitzen arabera, mendiko larreen kontserbazio-egoera hobetzeko berariazko ekintzak diseinatu ziren.

Berariazko ekintzak

Larre-eskaintza eta abeltzaintzan erabiltzeko eskaria kontrastatu ondoren eremu batzuetan oreka falta zela ikusi zen, eta lehentasunezko jarduera-toki izendatu ziren. Euskal mendizerretan larre-eskaera osoak gora egin zuela erakutsi zuen diagnostikoak, batez ere sektoreak erabilitako espezieetan erabateko aldaketa egon delako. Azken bi hamarkadetan larre-eskakizun txikiagoak dituen azienda xehearen (ahuntz- eta ardi-azienda) artzaintzak behera egin du, eta azienda larrienak (zaldi- eta behi-azienda) gora. Datu hori garrantzitsua da, artzaintza-eremu handietan erasan daitezkeen habitat zaurgarriak baitaude: hezegune eta istinga txikiak, ganaduarentzako erakargarriak baina zapaltzeko eta iraizpenak pilatzeko oso zaurgarriak. Dena dela, jakina da ganadua sartzea mesedegarria izan daitekeela habitata sastrakaz ez betetzeko.

Behar horiek biltzeko, LIFE OREKA MENDIAN proiektuari esker ekintza zenbait diseinatu dira erabileragatik narriatutako eremuetatik ganadua aldendu eta gutxiago erabilitakoetara erakartzeko. Otea kentzeko sastraka kentzea eta animaliak ez igarotzeko itxitura erdiiragazkorrak (azienda larria mugatzen dute, baina ardi-azienda igaro daiteke) egiteaz gain, erakartzeko guneak (gatza, askak… jarri) egin dira, eremu egokiagoetara bideratzeko.

Proiektuaren ekintzarik garrantzitsuenetakoa GPS lepokoen bidez animalien jokabidearen jarraipena egitea da. Animalien kokapena eta datu fisikoak (malda, orientazioak), ingurumenekoak (landaredia, habitatak) edo sasoiari dagozkionak (urte-sasoia) gurutzatuta, animalien erabilera-lehentasunak finka daitezke eta artzaintzako habitata eta intereseko elementuak (asken erabilera, mehatxatutako floraren presentzia…) gurutzatu.

Proiektu honi esker, mehatxatutako espezie batzuen populazioak (Menyanthes trifoliata eta Carex hostiana) indartu dira ex situ ugalduta. Soiltze selektiboak ere egin dira eskuz, Euskadin galtzeko zorian katalogatutako landare bat, Daphne cneorum, berreskuratzeko. Lilipei dagokienez, kontserbatzeko mehatxu nagusia lilipen lora ikusgarriak hartzea zela ikusi zenez, hori saihesteko informazio-panelak jarri ziren.

PROIEKTUAREN DATUAK:

Proiektuko bazkideak:

EUSKAL HERRIA: Eusko Jaurlaritza, HAZI, Neiker, Ihobe, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
FRANTZIA: Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Conservatoire d’espaces naturels de Nouvelle-Aquitaine.
EUROPA: Euromontana

Aurrekontua: 3.743.704 euro

LIFE+ finantzazioa: % 60 (2.246.223 euro)

Iraupena 6 urte: 2016ko iraila – 2022ko abendua

Eremua:

– Euskadi: Planifikatua, jarduerak finkatu eta jarraipena egin Natura 2000ko 15 tokitan
– Iparralde: Natura 2000ko 8 eremuren jarraipena.