Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak astearte honetan onartu ditu Enpleguaren Euskal Legearen aurreproiektua eta Langileen Prestakuntzarako Euskal Eredu berria babesten dituzten akordioak. Akordio horiekin finkatu dira enpleguan eta enpleguaren kalitatean eragina duten politika publikoak hitzartzeko dinamikak, bai eta orain arte 26 bilera egin dituzten lantaldeen zeharkakotasuna ere.
Mahaiaren osoko bilkurako burua Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua izan da, eta, gainera, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua ere izan da Eusko Jaurlaritzaren izenean. Lantaldeak zuzentzen dituzten sailburuordetzetako arduradunek lagundu diete Jaurlaritzako kideei.
Confebasken ordezkaritzaren buru Isabel Busto presidentea izan da. Loli García, Comisiones Obreras-Euskadiko idazkari nagusia, sindikatu horren ordezkaritzaren buru izan da, eta Raúl Arza, UGT-Euskadiko idazkari nagusia, sindikatu horretakoa.
Enplegu Legeari buruzko akordioa
Topaketan Enpleguaren Legeari buruzko akordioa onartu da, Euskadik izango duen lehenengoa. Mahaiak enplegu-politika aktiboetarako eskubide subjektiboa bermatzea erabaki du, eta horrek hobetu egingo du pertsonek eskubide horren titular gisa duten posizioa, eta enpresen beharrei ere erantzuten die. Lehendakariordeak azaldu duenez, bide horretatik aurrera egin nahi dugu konpetentzia profesionalen eta eskura dagoen enplegu-eskaintzaren arteko egokitzapenean, eta, aldi berean, kalitatezko enpleguaren aldeko apustu estrategikoa sendotu. Hori bereziki garrantzitsua da, Espainian lehenengo erkidegoa izango garelako eta, gainera, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren berariazko akordio honekin egiten dugulako.
Gainera, Mahaiak bermatzen du Legeak sistemaren gobernantza-eredu bat artikulatzen duela, Euskadiko lurralde-errealitatera egokitua, baina baita gizarte-eragileen zereginera ere, eta Lanbideri aukera ematen dio eredu berri horretara tresna eraginkor gisa egokitzeko, Euskal Enplegu Sarean oinarrituta, eragile publiko eta pribatuen inplikazioarekin.
Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren akordio hau funtsezko urratsa da Euskadiko enplegu-politika modernizatzeko eta lan-merkatuaren premietara etengabe egokitzeko. Gainera, ahalik eta adostasun instituzional eta sozial handiena lortzeko ideia indartzen du, eta horixe da Eusko Legebiltzarrean lortu nahi duguna, Jaurlaritzak lege-proiektua aurkezten duenean, dokumentu hau egiten diren txosten guztiekin batera erantsita.
Euskal Prestakuntza Ereduari buruzko akordioa
Gaur abalatutako bigarren akordioa Langileen Prestakuntzarako Euskal Eredua da. Legeak adierazten duen ildo beretik, trantsizio digital, energetiko eta demografiko handiei enplegurako orientazio- eta prestakuntza-tresna nahikoekin heltzeko konpromisoan jartzen du arreta, aldaketetara egokitu ahal izateko.
Helburua da erantzuna ematea ekonomia aurreratu berri baten eta gizartearen beharrizan eta eskakizunei, atzean utzi gabe pertsonak, batez ere enplegagarritasunetik urrutien daudenak, enpresak, oro har, eta ETEak, bereziki.
Diseinu horretan guztian, garrantzi berezia ematen zaio, halaber, Lanbideren Prestakuntza Premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeari. Batzorde hori jada existitzen da, eta bultzada bat ematen ari zaio, eta, une honetan, 10.000 enpresa baino gehiagorekin kanpaina bat egin da, beren beharren berri emateko. Ereduak, gainera, hiru alderdiko gobernantzarekin konpromisoa hartzen du, baita Jaurlaritzako sailen eta gizarte-eragileen parte-hartzearekin ere, erabakiak hartzeko.
Idoia Mendiak baloratu du foroa sortu zenetik igaro diren hiru urteetan finkatu den lan-dinamika. Dinamika horri esker, aurretik lortutako akordioak garatu ahal izan dira eta beste akordio batzuk garatzen hasi ahal izan dira, hala nola martxoan Laneko Ikuskaritzaren aholku-batzordearen inguruan edo ezintasun iragankorragatiko bajak aztertzeko talde teknikoaren inguruan sortutakoak.
Horri Parte-hartze Instituzionalari buruzko Legea egiteko taldea gehitu behar zaio. Bertan, azterlan bat amaitzen ari da, eskuragarri dagoenean, Konstituzioaren 7. artikulua gure eskumen-eremuan garatzeko oinarriak adosteko aukera emango duena. Artikulu hori gizarte-eragileek gizarte demokratiko batean duten funtsezko zereginari buruzkoa da, eta horien konpromisoa eskertu du.