Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur pandemia batek eragindako beste osasun-larrialdi bat errepikatuko balitz erakundeen artean egin beharreko kudeaketarako prozedura berriari. Agiria joan den asteko astelehenean aurkeztu eta onartu zuten Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (LABI) bileran, eta euskal erakundeek Covid-19aren krisian lortutako esperientzia zabalean oinarritzen da. Helburu nagusia du Eusko Jaurlaritzaren tresna arau-emaileak aldatzea, pandemia-egoera global edo tokiko bat berriz gertatuko balitz, erakundeen artean erantzun koordinatu eta integrala emateko.
Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiko urteetan izandako esperientziaren ostean, euskal erakundeek pandemia honen kudeaketaren hausnarketa- eta analisi-prozesua egin eta partekatu dute, eta baliagarria izan da prozedura tekniko berri bat lantzeko, LABIk, Euskadiko Babes Zibileko Planak, pandemia-egoeren kudeaketari dagokionez jada badugun ezagutzaren araberako erantzuna eman ahal izateko.
Legegintzako konpromisoa
Testu hau onartu eta gero, pandemien ondorio diren osasun publikoko egoera kritikoei aurre egiteko plan espezifiko bat egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.
Azken batean, pasa den pandemian hautemandako errealitateen arabera era horretako egoerei aurre egiteko prozedura ezartzen duen agiria da. Horrez gainera, Gobernu Kontseiluan onartuko den testuan erakundeen artean era horretako larrialdiak kudeatzeko prozedura planifikatzen da. Erabilgarri dauden jardunbide eta ebidentzia onenekin eta OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren nazioarteko jarraibide eta gomendioekin lerrokaturik dago.
Covid-19 Euskadi
Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak 2020ko urtarrilaren 30ean deklaratu zuen Nazioarteko Garrantziko Osasun Publikoko Larrialdia, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioen hedapenaren ondorioz. Martxoaren 11n OMEk nazioarteko pandemia deklaratu zuen.
Martxoaren 13an Euskadik Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatu zuen, eta hurrengo bi urteetan hiru aldiz egon zen aktibatuta guztira 19 hilabetetan.