Abenduaren 3tik aurrera, larunbata, Gabonak eta Gabon aurreko asteak direla eta, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bitartez, doako autobus anezka zerbitzua jarriko dute berriro, Illunbeko aparkalekua eta hiriko erdialdea lotzeko.
Anezka zerbitzu horrek Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako erdialdera arteko joan-etorriak erraztuko ditu, hirian garraio publikoa sustatzeko eta trafikoa murrizteko helburuarekin. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi alditan eskaini da, Gabonetan eta udan, eta zerbitzua ondo hartu dute herritarrek.
Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranaren hitzetan, “pertsona asko etortzen dira erosketak egitera edo ekitaldiez gozatzera Gabonetako egunetan eta aurreko asteetan. Zerbitzu honek zentrora berme osoz, erosotasunez eta doan sartzeko aukera emango die”.
Zerbitzuaren datuak
Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra arte, eta bi geltoki izango ditu, orain arte bezala:
Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.