Udalak kanpaina bat abiarazi du flyer, kartel eta erakusleihoetarako eranskailuekin, ikur hori ezagutarazteko eta egoera horretan dauden emakumeei laguntzeko. Ace Barakaldok, ABK-k, San Bizente merkataritza elkarteak eta Baraka Berri Elkarteak lagundutako kanpainaren helburua herriko merkataritza eta ostalaritzaren hurbiltasuna aprobetxatzea da.
Barakaldok merkataritza eta ostalaritzarekin indarrak batu nahi izan ditu indarkeria matxistari aurre egiteko. Gaur goizean hasi dira postontzietan banatzen Barakaldoko Udalaren zabalkunde-kanpaina berria, azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta. Irudi horretan iaz zabaldu zen sorospen-sinboloa ezagutarazten da, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek modu diskretuan eta erasotzailea ohartarazi gabe laguntza eskatu ahal izan dezaten. Keinua eskua gorantz luzatuta egiten da eta gero erpurua ezkutatu eta gainerako lau hatzak jaisteko. Hiriko etxe guztietako postontzietara iritsiko da eta Barakaldoko erakusleihoetan eta saltokien barrualdean ere ikusi ahal izango da «sinbolo hau ezagutzera emateko eta behar duten emakumeei lagundu ahal izteko» azaldu du Amaia del Campo alkateak, Barakaldoko ACE elkarteko ordezkaria den Ana Morgadorekin, ABK-ko Esther Magazekin, San Bizente merkataritza elkarteko Ana Medinarekin eta Barakaldo Berri Elkarteko Richar Fernandezekin batera eman duen prentsaurrekoa.
«Oso keinu erraza da, eskua gorantz luzatuta, erpurua ezkutatzen da eta gero gainerako lau hatzak jaisten dira. Keinu sinplea da, eta modu diskretuan egin daiteke inguruan dauden pertsonei laguntzeko deia egiteko, tratu txarrak ematen dituena ohartarazi gabe. Emakume batzuek indarkeria matxista pairatzen ari zirela ikusarazteko erabili dute keinu hau eta laguntzea lortu dute, erasotzaileak atxilotuz. Beraz, garrantzitsua iruditu zaigu keinu hori ezagutaraztea erasotzaile gehiago atxilotu ahal izateko» azaldu du Amaia del Campok. «Diseinuan emakume bat keinu hori egiten ikusiz gero zer egin behar den ere azaltzen da: 112 telefonora deitu eta laguntza eskatu».
«Saltokietan eta ostalaritzako establezimenduetan lan egiten duten pertsonekin konfiantzazko harremana izaten dugu. Horregatik uste dugu kartel bereizgarri horiek edukitzeak haiengan konfiantza izatera anima ditzakeela emakumeak, sinbolo horrekin laguntza eskatzeko. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet elkarte horietako arduradunei, gaur Udaletxera hurbildu direlako kanpaina honekin bat egiteko. Izan ere guztion artean egin behar diogu aurre erronka honi», adierazi du.
Kanpaina aktibo dago eta denboran iraungo du indarkeria matxisten aurkako borroka urte osoko kontua delako, ez bakarrik azaroaren 25ekoa.