Urte batzuk batzartu ezinda, IVAPeko Zaingo Batzordea bildu da gaur Lakuan langile publikoen hautaketa, prestaketa eta euskeraren erabilpenaren normalizazioa xede duen erakunde autonomo honen 2023ko plangintzak eta aurrekontua onartzeko. Bileran batzordearen buru eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi eta IVAPeko zuzendari Maite Barruetabeña izan dira. Eurekin batera Jone Berriozabal eta Jose Maria Armentia, Erakunde Harremanetarako eta Funtzio Publikoko Sailburuordeak, Fulgen Aledo IVAPeko idazkaria, IVAPeko zuzendariordeak eta hiru Foru Aldundietako, Eudeleko eta EAEko Administrazioko ordezkariak.
Barruetabeñak eta bere taldeak IVAPeko ohiko zereginak gogoratu dizkie Zaingo Batzordeko kideei eta honen harira Institutuak hurrengo urterako pentsatutako plangintzak aletu dituzte. Bereziki azpimarratu dute diseinatu berri duten EKI plana, ezagutzaren kudeaketa plana jasotzen duen plana alegia.
IVAPeko Zaingo Batzordea kide anitzeko organoa da, eta bere gain hartzen ditu Erakundearen jardueren plangintza orokorra, ikuskapena eta jarraipena. Batzordearen osaera berria onartu ondoren, lan eskaintza publikoaren arloan IVAPek aurten egindakoari eta hurrengo urtean egin asmo duenari ere erreparatu dio. Halaber, gogoratu du 2023an IVAPek 40 urte beteko duela eta ibilbide luze hori aintzat hartzeko zenbait ekintza antolatuko direla iragarri zuen.
Bere sarrera hitzaldian, Garamendi Sailburuak ere urtemuga honi erreparatu dio eta batzorde kideei gonbita egin die ospakizun ekitaldietan parte hartzeko. Sailburuak Zaingo Batzordea osatzen duten erakunde eta kideen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. “Hori da Sail honen jarduteko modua eta horregatik Zaingo Batzorde hau urtero guztiok elkartzeko beste gune bezala bizitzea nahi nuke”, adierazi die batzordeko kideei.
Honen ildotik, Garamendik eskatu du “gaur landuko ditugun gaiak ez izatea soilik gure aldetik kontu emate huts bat, lanerako espazioa baizik guztiok partekatutako gaien inguruan”. Zaingo Batzordearen eginkizuna ezinbestekotzat jo ondoren, foroaren buru ere baden Sailburuak maila anitzeko gobernantza ereduan “sinesten” duela berretsi du, “herri administrazioen arteko harreman eredu propio eta desberdina”. Betiere, kontuan hartuta, “herritarrengandik hurbil egonez, ahalik eta zerbitzurik onena” emateko eta herritarren premiei erantzuteko.