Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrak Justiziaren Kalitatearen X. Sarietako bat eman dio Zurekin programari, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako prozesu judizialean indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntza integrala emateko. Epaimahaiaren erabakia aste honetan jakinarazi da, eta bertan baloratu da “prozeduraren eragin emozionala” arintzen duen proiektua.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, ekimenaren bultzatzaile denak, Justizia Administrazioarekin zerikusia duten erakunde eta entitateen modalitatean Justizia eskuragarriena saria jasoko du abenduaren 20an egingo den galan. Madrilgo Erkidegoko Justizia eta Biktimen Sailburuordetzarekin batera egingo du, saria bi erakundeei eman baitzaie.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak pozik agertu da aintzatespen horrekin. “Ohorea da sari hau jasotzea; horrek bide onean gaudela berresten digu. Indarkeria matxista gaitz bat da eta giza eskubideen urraketa larria; horregatik, herritarren gaitzespena eta Justiziaren erantzun irmoa eskatzen ditu. Gure aldetik, Gobernu gisa dugun betebeharra biktimen ondoan egotea eta haiei laguntzea da, erasotzaileari aurre egiteko bide zail eta ausart horretan”, esan du Artolazabalek.
Arreta integrala
Zurekin indarkeria matxistaren biktima bati laguntzeko programa da, prozesu judizialaren fase guztietan, eta lehen urratsak modu pilotuan eman zituen 2019ko urrian. Hainbat hitzarmenen bidez, programa Instituto de Reintegración Social de Euskadi – Euskadik Birgizarteratze Institutoak (IRSE-EBI garatu du hasieratik.
“Akonpainamendu integrala zitazio, izapide eta agerraldi judizialei modu ez estresagarrian aurre egiteko teknika eta tresna da. Horrela, prozedura judizial batean sartuta dagoen emakume biktimizatuari laguntzea aldi berean teknika profesional eta baliabide bihurtzea da”, azaldu du Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak.
Bestalde, Juan Luis Fuentes IRSE-EBIko zuzendari kudeatzaileak zehaztu duenez, “horrela murriztu egiten dira ingurua ez ezagutzeak, figura judizialek, edo terminologia juridiko eta judizialaren zatikotasunak eragiten dituen estres-mailak”.
Zurekin programa doakoa eta borondatezkoa da, eta hiru laguntza-motatan oinarritzen du bere esku-hartzea: informatiboa, epaitegietako espazioak, ordutegiak, dinamikak…; emozionala, estresak, beldurrek, zalantzek eta abarrek eragindako emozio-euspenean biktimei laguntzeko, eta gurasoekin joan daitezkeen adingabeen arretan. Bilbon hasi zen, baina Donostiako epaitegietan ezarri da.
Sariaren bidez, akonpainamendu mota horren balioa onartzen da. Horregatik, asmoa da programa pilotua izateari uztea eta metodologia hori hurrengo urtetik aurrera modu egonkorrean ematea Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren zerbitzuen barruan.
2019ko urritik 2022ko azarora arte, guztira 428 lagun artatu dira: 117, pilotatze-fasean (2019ko urritik 2020ko abendura); 137, sendotze-fasean (2021eko urtarriletik abendura) eta 174, finkatze-fasean (2022ko urtarriletik azarora).
Gainera, beste 194 laguntza gehitu beharko lirateke, programak familiakoei, lagunei, adingabeei eta biktimen mendeko pertsonei egiten dien bigarren mailako akonpainamenduaren barruan.