“Ingeniaritzako eta ekoberrikuntza Industrialeko Zerbitzuak” ekimenak eta “KIBI Pharma” doktorego tesiak jaso dituzte 2022ko Manuel Laborde Werlinden sariak, XXII. edizioan. Ekonomia zirkularraren eta bioosasunaren sektoreetan kokatutako bi ekimen horietan epaimahaiak zera nabarmendu du, haien balio proposamena, merkatuarekiko hurbiltasuna eta proiektua ontzeko gai izango den talde sustatzaile baten presentzia.
“Ekimen Berritzaile Berriaren” saria eskuratu duen “Ingeniaritzako eta ekoberrikuntza industriako zerbitzuak” ekimena ingeniaritza eta ekoberrikuntza industrial baten zerbitzuetan oinarritzen da. Amaia Mendozak eta Arantxa Agirrezabalagak aurkeztutako ekimen hori bi ekintzaile horien eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako GMT ikertaldearen arteko lankidetzatik sortu da. Epaimahaiak haren know-howa eta mikroplastikoen arloko espezializazioa goraipatu ditu. Sariak 7.000 euroko laguntza ekonomiko bat jasoko du, eta horrez gain, BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza, proiektua aurrera eramateko.
Ikerketa biosanitarioari lotutako ezagutza berreskuratu, optimizatu eta haren baloia handitu nahi duen “KIBI Pharma” lanak “Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak” kategoriaren barruan jaso du saria, eta horren bidez, osasunaren eta biomolekulen arloan ikertu nahi da, adimen artifiziala erabilita haren optimizazioa lortzeko eta balioa handitzeko. Mónica Zufiria ekintzaileak aurkeztutako doktorego tesi bat da. UPV/EHUren ekosistemarekin duen lotura nabarmendu behar da, proiektua garatzen jarraitzeari begira. Kategoria honetan, 3.000 euroko laguntza ekonomikoa ematen da, eta Gipuzkoako BICen laguntza eta aholkularitza, ekimena aurrera eramateko.
Proiektu berritzaileak unibertsitate ingurunean
Manuel Laborde Werlinden sarien jatorrian Entreprenari Programa dago, zeina UPV/EHUko Gipuzkoako Campusak eta BIC Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzako Europako Zentroak garatzen eta kudeatzen baitute. Haren helburua ekintzailetza ideiak eta proiektuak sustatzea da unibertsitatearen inguruan. Edizio honetan aurkeztutako lanak UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek, tituludunek, graduondokodunek eta azken mailako ikasleek aurkeztu dituzte, baita enpresa berri bat sortuta UPV/EHUren lankidetzarekin egindako ikerketa baten emaitzak erabili nahi dituzten enpresek ere.
Hogeita bigarren edizio honetan 11 hautagaitza aurkeztu dira: 5 “Ekimen Berritzaile Berriak” kategorian, eta 6 “Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak” kategorian. Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako proiektuen kalitateak berretsi egin du beste behin UPV/EHU funtsezko eragile bat dela Gipuzkoako eta Euskadiko ekosisteman, balio erantsi handiko enpresa proiektu berritzaileak garatzeko. Aurkeztutako ekimenek bat egiten dute Gipuzkoaren garapenerako hazkunde eta espezializazio adimenduneko estrategiarekin, eta industria aurreratu, adimen artifizial, bioosasun, digitalizazio eta ekonomia zirkularraren sektoreetan kokatzen dira.
Sariak banatzeko ekitaldia
Sariak banatzeko ekitaldia gaur eguerdian egin da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Joxe Mari Korta Zentroan. Osasun krisiak eragindako murrizketekin bi urte igaro ondoren, aurten ohiko formatua berreskuratu da. Ekitaldian egon dira Agustín Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Jabier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurune diputatua; Aitor Urzelai, SPRI Taldeko zuzendari nagusia; eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendaria, eta horiekin batera ekintzailetza, unibertsitate, zientzia eta enpresaren arloko ordezkari ugari ere bildu dira.
Mintzaldietan, erakundeetako ordezkariek ekintzailetza jardueraren balioa azpimarratu dute, hala Gipuzkoako enpresa ehunaren eraldaketan, nola lurraldearen etorkizunerako estrategikoak izango diren sektoreei lotutako jarduera berrien garapenean.
+info: entreprenari.com/biografia-manuel-laborde