Jokoaren Euskal Behatokiak Euskadiko jokoaren gaurkotasunari eta berriei buruzko hiru hilez behingo aldizkari digital bat atera du

Elkarrizketa horretan, Josu Erkorekak Euskadiko Jokoaren sektorearen egungo egoera aztertzen du, lokalen kopurua mugatzen duen eta horien arteko distantzia, ikastetxeekiko distantzia, jokoari buruzko publizitatea eta beste hainbat alderdi arautzen dituen esparru arautzaile berria onartu zenetik sei hilabete igaro direnean. Alde horretatik, elkarrizketan nabarmentzen du zein garrantzitsua den “modu naturalean, sektoreak berak ixtea bideragarriak ez diren lokalak”, eta, era horretara, Euskadin dagoen lokalen kopurua autoerregulatzea eta dekretu berrian ezarritako mugetara egokitzea.

Gazteei eta joko patologikoari buruz, lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua kezkatuta agertu da gure gizarteko jokoaren normalizazioaren aurrean, “oso ohikoa da Eguberrietako loteria erostea edo kiniela egitea, eta familietan era horretako jarduerak etxeko txikiekin ere egin ohi dira”, azpimarratu du. Alde horretatik, joko arduratsua bultzatzeko, joko patologikoaren aurka borroka egiteko eta jarduera “gizartean  onargarriak” diren muga batzuen barruan mantentzeko erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana nabarmendu du.

Bestalde, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza jarduera arautzearen aldekoa dela erabat debekatzea aldezten dutenen aurrean: “Nik uste dut erabat debekatzea, iraganean egin zen bezala, orain ez litzatekeela egokia izango; izan ere, bere garaian gertatu zen bezala, horrek legez kanpoko jokoak gora egitea eta horrekin lotutako ondorio guztiak ekarriko lituzke: arauketarik eta kontrolik eza, joko klandestinoa, iruzurrak gora egitea, kolektibo zaurgarriek babesik ez izatea, delituzko jokabideak ugaltzea, segurtasun publikorik eza areagotzea, etab.”.

LANKIDETZA HITZARMENA

Segurtasun Sailak 2023an 100.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan Jokoaren Euskal Behatokiaren proiektuarekin jarraitzeko.

Jokoaren Euskal Behatokiaren bidez jokoaren arloko ikerketa-proiektuak garatzeko 2020ko urrian izenpetutako hitzarmenaren luzapena da. Jokoaren Euskal Behatokiaren helburua Euskadiko jokoa etengabe aztertzea da, joko arduratsua sustatzen lagunduko duten politika publikoak gauzatzeko sektorearen ikuspegi globala emanez.