Lehendakaria buru, Ikerbasqueren 15. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin da Bilboko Guggenheim Museoan, eta bertan, urte hauetan lortutako emaitza bikainen balantzea egiteaz gain, ongietorria eman diete lankide berriei: datozen urteotan Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lan egingo duten jakintza-arlo guztietako 33 ikertzaile. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak, Eva Ferreira EHUko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak Eusko Jaurlaritzaren, zientzia-sistemaren ordezkariekin batera.
Bere hitzaldian, Lehendakariak Ikerbasquek Euskadi Europako zientzia-nodo gisa kokatzeko duen anbizioa eta ikuspegia partekatzen dituela esan du, eta, aldi berean, Jaurlaritzak ikertzaileak erakartzeko, aberriratzeko eta atxikitzeko lanarekin jarraituko duela ziurtatu du, Euskadin zientzia sustatzeko funtsezko aktibo baitira. “Gure apustua irmoa da. 2023an Europako batez bestekoarekin bat egitea da gure helburua, eta ziur naiz lortuko dugula”- esan du.
Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu zuen 2007an, autonomia-erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek aspaldidanik egiten zuten ikerketa zientifikoa indartzeko asmoz. 15 urte hauetan, Ikerbasquek ikerketa arloko talentuaren alde apustu egin du, politika zientifikoaren funtsezko ardatza den heinean, eta mundu osoko ikertzaileak erakarri ditu, karreraren uneren batean Euskaditik kanpo joan behar izan zutenak barne, karrerak sendotzeko aukerak eskainiz lehendik Euskadiko zentroetan lanean zihardutenei.
35 herrialdetako 336 ikertzaile
Egun, erakundeak 35 herrialdetako 336 ikertzaile ditu, hiru kategoriatan banatuta: finkatutako 175 ikertzaile, 91 ikertzaile gazte eta 70 Research Associate. Azken kategoria honek, aurreko bien osagarri, ikertzaile-karreraren etapa desberdinak estaltzea du helburu.
Gainera, urte hauetan guztiotan, Ikerbasquek lankidetzan jardun du Eusko Jaurlaritzarekin BERC (Basque Excellence Research Centers) programa abian jartzeko, eta honi esker, sei ikerketa-zentro sortu (Achucarro Basque Center for Neuroscience, BCBL, BCAM, BC3, Polymat eta Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures) eta beste hiru finkatu dira (DIPC, Materialen Fisika Zentroa eta Biofisika Unitatea). Horiek guztiek herrialdearentzat estrategikotzat jotzen diren ezagutza-arloetan ikertzen diardute.
Gaurdainoko ibilbidean, IKERBASQUE 5 aldiz ere aukeratu dute garapen zientifikorako Europako ekimenik onenetakotzat, eta Europako Batzordeak emandako 24 milioi euro jaso ditu talentua erakartzea xede duten programak bultzatzeko.
IKERBASQUEk Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko mundu osoan barna erakarri dituen ikertzaileek 295 milioi euro ekarri dituzte guztira Euskadira 2007az geroztik, eta 1.300 pertsonak lan egiten dute ikertzaile horiek buru izandako taldeetan.
Horren harira, Ikerbasqueko ikertzaileek 10.000 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte nazioarteko aldizkari zientifiko ospetsuetan, ikerketa-proiektuetan lortutako emaitzak partekatuz. 2007tik hona, 31 spin-off konpainia sortu eta 34 ERC laguntza lortu dituzte (hauxe da ikerketaren arloan dagoen mundu mailako laguntzarik garrantzitsuenetakoa).
Datu hauek agerian utzi dute ikerketa zientifikoaren aldeko apustuaren errentagarritasuna. Era berean, Ikerbasquek frogatuta utzi du berriz ere, ikerketa arloko inbertsioak, herrialdearen lehiakortasunari eta bizi-mailaren hobekuntzari dagozkien epe luzeko onurez gain, berehalako itzulkinak ere ekar ditzakeela ikerketarako funtsen bitartez.