Lehendakariak Pirinioetako Lan Elkartearen papera aldarrikatu du, Pirinioetako biztanleei irtenbideak eskaintzeko klima-aldaketa, kultura, energia berdeak edo osasuna bezalako eremu desberdinetan. Iñigo Urkulluk ireki du mugaz gaindiko organo horrek Arantzazun egin duen 40. Osoko Kontseilua, Euskadiren lehendakaritzapean.
Akitania Berria, Okzitania, Aragoi, Katalunia, Nafarroa eta Andorrako Printzerriaren ordezkaritzen aurrean, Lehendakariak PLEren 2024ra arte indarrean degoen Pirinioetako Estrategia defendatu du. Estrategia horretan, besteak beste, energia- eta ingurumen-trantsizioa bizkortzeko konpromisoa jasotzen da, eta, beraz, Pirinioetan hidrogeno-hub energetiko bat eratzea helburu duen energiaren lantaldea sortu da.
Gainera, aurreratu du PLE hirugarren aldiz izendatu dutela INTERREG-POCTEFA programa kudeatzeko agintaritza datozen zazpi urteetarako (EGEF funtsek finantzatzen dute), horrekin erronka globalei aurre egin nahi zaie, Europar Batasunaren lehentasunen ildotik.
“Erantzukizun handia da, baita gogobetetze handia ere, eta erakunde publikoei, eragile ekonomikoei eta hirugarren sektore sozialari parte hartzeko deia egiten diet”, adierazi du.
Osoko bilkura inauguratu aurretik, ordezkaritzek Arantzazuko Santutegia bisitatzeko aukera izan dute, Lehendakariarekin, Arantxa Tapia sailburuarekin eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako arduradunekin batera. Ordezkaritza horien buru izan dira: Alain Rousset, Akitania Berria Eskualde Kontseiluko presidentea; Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria; Yann Hélary, Conseiller Qual ional Occitanie; Meritxell Serret, Kataluniako Generalitateko Kanpo Harremanetarako eta Europar Batasuneko kontseilaria; Maria Ubach, Andorrako Gobernuko Kanpo Arazoetako ministroa; eta José Luis Pinedo, Aragoiko Gobernuko Lehendakaritza eta Harreman Instituzionaletako Idazkari Nagusi Teknikoa.